Azaroak 25

Udalak onartu du indarkeria matxistaren biktimen arretarako erakunde arteko bigarren protokoloa

Nerea Uranga 2023ko aza. 8a, 16:14

Miren Arrieta Parekidetasun batzordeburua protokoloa azaltzen, atzo udalbatzarrean. (Nerea Uranga)

Azaroko ohiko udalbatzarrean aho batez hartu dute erabakia EH Bilduko eta EAJko udal ordezkariek. Orain arte indarrean egon den indarkeria matxistaren biktimen arretarako protokoloa 2013an onartu zuten, eta ordutik legedian izan diren aldaketak kontuan izanda, protokoloa "berritu beharra" zegoen udalaren ustez. Bigarren protokoloa "prozesu baten emaitza" izan dela azaldu du Miren Arrieta Parekidetasun batzordeburuak.

Atzo egindako azaroko udalbatzarrean, besteak beste, indarkeria matxistaren biktimen arretarako bigarren erakunde arteko protokoloa onartu zuten EH Bilduko eta EAJko udal ordezkariek, aho batez. Miren Arrietak Parekidetasun batzordeburuak azaldu zituen protokolo berriaren nondik norakoak. Hark udalbatzarrean azaldu zuenez, orain arte indarrean egon den protokoloa 2013an onartu zuen udalak, eta ordutik legedian aldaketak ugariak izan direnez, "berritu beharra" ikusi zuen erakundeak.

Bi dokumentu biltzen ditu indarkeria matxistaren biktimen arretarako bigarren erakunde arteko protokoloak: alde batetik, indarkeria matxista kasuetan emakumeen arreta hobetzeko erakundeen arteko (Azpeitiko Udala, Osakidetza eta Ertzaintza) koordinazioa nola egin zehazten duen dokumentua, eta, bestetik, Azpeitiko Udalak indarkeria matxista kasuen aurrean salaketa publikoa egiteko gauzatu beharreko jarduteko moduei buruzko dokumentua.

Arrietak azaldu zuen protokoloa "prozesu baten emaitza" izan dela. "Udalak aurreko protokoloa berritzea erabaki zuen, horretarako beharra zegoelako. Era berean, Udaltzaingoak indarkeria matxistaren arloan eskumen gehiago hartzeko bidea hasi zuen, eta arlo honetan lanerako prestutasun handia zuenez, prozesua abian jartzeko une ona zela ikusi zen". Protokoloa berritzeko prozesua "barne prestakuntzarako" ere erabili dutela esan zuen atzo Arrietak.

Bereizgarriak eta berrikuntzak

Azpeitiko protokoloak beste udalerrietakoekin alderatuta badu bereizgarri bat, Arrietak zehaztu zuenez: "Azpeitikoan Udaltzaingoak beste herrietan hartzen ez dituen ardurak hartzen ditu beregain indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko garaian. Adibidez, salaketa jartzeko aukera eskaintzen du, eta jarraipena ere Udaltzaingoak berak egiten du".

Onartu berri duten protokoloak berrikuntzarik ere badu, hala nola erakundeen arteko koordinazio mahaia sortu dute. Parekidetasun batzordeburuak azaldu zuenez, mahai hori azaroaren 27an bilduko da lehen aldiz. Bestalde, aurten aurreneko aldiz, Azpeitiko hainbat udal zerbitzuren datuekin txosten bat osatuko dute, "koordinazioa hobetzeko eta indarkeria matxistari aurre egiteko politikak hobetzeko".

Udalaren erabaki eta jarduketa publikoak ere zehazten ditu onartu berri duten protokoloak. Arrietak adierazi zuenez, salaketa publikoa udalak zein kasutan egin behar duen jasotzen du protokoloak, baita hori egiteko zer urrats egin behar dituen ere: "Nola kontrastatu informazioa, norekin koordinatu, nork hartu erabakiak eta zeren arabera egin edo ez egin salaketa publikoa jasota dago protokoloan".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide