Sahatsa Jauregik Azpeitian aurkeztuko du bihar 'Verde Prato' ikus-entzunezkoa

Mailo Oiarzabal 2023ko irailaren 28a

'Verde Prato' ikus-entzunezkoaren irudi bat. (Sahatsa Jauregi)

Ana Arsuaga (Verde Prato) musikariaren kontzertu baterako sortutako eskultura eta zuzenekoa jasotzen ditu lanak. Jauregi eta Arsuaga biak izango dira bihar Dinamoa sormen gunean, eta Jauregiren inguruan Dapa bildumarako egin duten ikus-entzunezkoa ere hantxe estreinatuko dute.

Donostiako Dock of The Bay jaialdian estreinatu ondoren, bihar Azpeitiko Dinamoa sormen gunean aurkeztuko du Sahatsa Jauregik Verde Prato ikus-entzunezkoa, 2022an Verde Pratoren kontzertu baterako sortu zuen eskultura eta zuzeneko "berezia".

Aurkezpenean izango da Ana Arsuaga ere, Verde Prato proiektuaren atzean dagoen konpositore eta artista. 20:00etan hasiko da biharko hitzordua Dinamoan, eta Jauregiren inguruan Kulturazek ekoitzitako Dapa bildumarako egin duten ikus-entzunezkoa ere bertan estreinatuko dute; bigarren horren emanaldiarekin hasiko dute, hain zuzen, ekitaldia.

Eskulturaren alorrean garatzen du bere lanaren zatirik handiena Jauregik. Tabakaleran, Halfhouse erakusketa-espazioan, Azkuna Zentroan, The Ryder eta The Goma galerietan eta Aparador Monteleon espazioan ikusi ahal izan dira haren lanak. Hainbat sari ere jaso
ditu, besteak beste, Madrilgo Komunitatearen 2023ko ARCO Saria; Gure Artea saria, 2019an egindako sorkuntza jardueragatik; eta Ertibil sariketako lehenengo saria, 2017an.

Verde Prato, berriz, Ana Arsuaga konpositore eta artista multidiziplinarraren bakarkako proiektua da. Kondaira eder hura, Adoretua eta Euskal Pop Erradikala Epa dira gaur arte argitaratu dituen lanak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide