Josetxo Brey: "Oso harrera ona izan dugu, saria irabazi aurretik zein ondoren"

Mailo Oiarzabal 2023ko abuztuaren 2a

Josetxo Brey, Baliko abesbatza lehiaketaren kartelaren ondoan. (Utzitakoa)

Sariz beteta itzultzear da Josetxo Brey (Azpeitia, 1994) Indonesiatik. Asiako Grand Prixa irabazi du Landarbaso abesbatzarekin, eta beste bi lehen postu ere bai Baliko lehiaketan.

Asiako Grand Prix lehiaketa irabazi du Landarbaso abesbatzak. Europako talde bakarra zineten, eta aurrez Asiakoa ez den talde batek ez zuen inoiz irabazi lehiaketa hori. Zer esan nahi du zuentzat lorpen horrek?

Guretzat, sekulako aitortza da nazioartean. Grand Prix batean lehiatu den historiako laugarren euskal abesbatza da gurea, baina final bat irabazi duen lehena izan da. Euskal abesbatza musikarentzat ere, beraz, lorpen oso garrantzitsua dela uste dut.

2019an Baliko (Indonesia) lehiaketa irabazita lortu zenuten orain irabazi duzuen lehiaketan aritzeko txartela. Lau urte joan dira harrezkero, pandemia bat tartean eta guzti. Zertan aritu da orduz geroztik Landarbaso? Eta nola prestatu duzue Asiako Grand Prixa?

Grand Prix hau berez 2021ean egitekoa zen, baina pandemia zela eta, atzeratu egin zuten. Urte hartan, Balira etorri ordez, Landarbaso Torreviejako [Herrialde Katalanak] Nazioarteko Habanera eta Polifonia lehiaketan izan zen, gonbidatu gisa. 2022an, Frantzian, Provenceko nazioarteko lehiaketan, parte  hartu eta sari nagusia irabazi genuen.

Horrez gain, urtean zehar beste zenbait proiektutan ere parte hartzen dugu. Azken hilabeteetan Segovian, Sorian edota Pola de Sieron [Espainia] izan gara kontzertuak ematen, eta apirilean, Errenterian [Gipuzkoa] bertan eliz musika kontzertu handi bat egin genuen, Ukrainako gerrak kaltetutakoentzat dirua biltzeko.

Nolako lehiaketa izan da?

Grand Prixa egun bakar batean jokatu zen. Saio berean abestu genuen Baliko, Filipinetako, Malaysiako eta Singapurreko lehiaketetako garaileek. Berez guztira zortzi abesbatza izan behar ginen arren, pandemia dela eta, sei abesbatza izan ginen. Abesbatza guztiok entzun behar izan genituen gainontzekoak abesten, aretoan bertan. Hori ez da batere ohikoa, eta pixka bat gogorra izan zen. Gainera, beste abesbatzetako bik gure programako obra bana zeramaten, eta horrek, nahitaez, guk egindakoarekin konparatzen ibiltzea eragin zuen.

Lehiakide guztiak Asiakoak ziren. Zer nabarmenduko zenuke haietaz?

Beste bost abesbatzetatik, bi nabarmenduko nituzke. Hain zuzen ere, gure programako obra bana zeukaten biak. Bata Indonesia bertakoa zen, eta bestea Filipinetakoa. Benetan onak ziren bi haiek. Gurearekin alderatuta, oso soinu eta kolore desberdina dute Asiako abesbatzek. Haien folklore musika oso erritmikoa da, eta gainera, guk ez bezala, koreografia oso landuak egiten dituzte.

Eta zuek, nolako harrera izan duzue ikus-entzuleen aldetik eta?

Oso harrera ona izan dugu, saria irabazi aurretik zein ondoren. Baina, egia esan, saria jaso ondoren, jendearen eta bereziki beste abesbatzetako kideen jarrera izugarria izan da. Finalaren emaitza uztailaren 25eko gauean eman zuten, afari batean, eta han bertan zoriontzeaz gain, gurekin argazkiak ateratzeko eskatzera etorri zen jendea; ondorengo egunetan egon diren ekitaldi guztietan ere ibili dira gu zoriontzen.

Zer errepertoriorekin lehiatu zarete?

Gehienez hogei minutuko programa egin behar genuen. Denbora horretan bost abesti interpretatu genituen. Alde batetik, euskarazko bi obra, Javi Bustoren Ametsetan eta Jesus Guridiren Akerra ikusi degu. Horiez gain, Erromantizismo garaiko Pearsall konpositorearen Lay a garland, eta bi obra garaikide kantatu genituen: Part Uusbergen Kyrie eta Jekabs Jancevskis letoniarraren Atsalums.

Balin jokatu duzue Asiako Grand Prixaren finala, duela lau urte txartela lortu zenuten irla berean. Orduko esperientzia baliagarria izan al da, ala ez du zerikusirik izan oraingoarekin?

Herrialdearen, lehiaketaren funtzionamenduaren eta abarren berri jakiteko bai, baina aurten lehiatu garen aretoa 2019. urtekoaren desberdina izan da. Ez da batere areto ona abesbatza musikarako. Izan ere, oso handia da, Indonesian egiten duen tenperatura dela-eta aire girotua topera egoten da, eta makinen zarata abesbatzen ahotsak baino gehiago entzuten zen une batzuetan.

Grand Prixa irabazi ondoren Indonesian gelditu zarete, nazioarteko beste lehiaketa batean parte hartzeko. Zer moduzkoa ari da izaten horko egonaldia, lehiaketetatik haratago?

Uztailaren 25ean egin zena Asiako lehiaketen irabazleen arteko finala izan zen. Uztailaren 27tik aurrera, ordea, Bali bertako lehiaketa egin zen, eta honaino etorriak ginenez, han ere parte hartu dugu [koru mistoen eta foklore kategorietan lehen saria, eta musika sakroan bigarrena lortu ditu Landarbasok]. Beraz, ez dugu turismorako tarte handirik izan, baina uztailaren 30ean Javako irlara joan, eta han Jakarta eta Yogyakarta bisitatzeko aukera izan dugu.

Eta etxera bueltatutakoan, zein izango dira zeure eta Landarbaso abesbatzaren hurrengo erronkak edo hitzordu aipagarriak?

Abuztuaren 8an Donostiako Hamabostaldian parte hartuko dugu, Viktoria Eugenia antzokian, umeentzako opera batekin. Otsailean Euskadiko Orkestraren Miramongo Matinee zikloan izango gara, eta baditugu oraindik baieztatu gabeko beste hainbat proiektu ere. Ikus-entzule gisa, berriz, azaroko lehen astean Tolosako Nazioarteko Abesbatza lehiaketa izango dugu. Aurten, gainera, Idoia Azurmendi azpeitiar zenaren Itsasoa ari zait obra derrigorrezkoa izango da lehiaketan. Abestiaren letra beste azpeitiar batek egina da, Ainhoa Odriozolak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide