Elkar-ekinek nabarmendu du enpresak Luis Enrique Sorianori mina eta kalteak eragin izana onartu duela akordioan

Aitziber Arzallus 2023ko ekainaren 16a

Hilaren 26an Sorianok lan egiten zuen Manuel Aizpuru enpresaren aurkako epaiketa egitekoak ziren ESK sindikatuak jarritako salaketaren harira, baina enpresak eta familiak egiten duten akordioa tarteko, bertan behera gelditu da hitzordu hori. Asteazkenean, enpresak, bere ikuspegia azalduz, oharra bidali zuen Uztarriaren erredakziora. Orain, Elkar-ekinek akordioaren inguruko bere ikuspegia azaldu du ohar baten bidez, eta enpresak publiko egindako informazioetan akordioaren zati bat ezkutatu duela adierazi du, besteak beste. 

2021eko uztailaren 30ean, Luis Enrique Soriano gazte dominikarrak bere buruaz beste egin zuen lan egiten zuen enpresan, Azpeitiko Manuel Aizpuru enpresan, hain zuzen. Gertaera horren harira, ESK sindikatuak salaketa jarri zion enpresari, lan arloko arau hausteak atzemanda, eta hilaren 26an ziren enpresaren aurkako epaiketa egitekoak Donostiako lan arloko 1. zenbakidun epaitegian. Aste honetan jakinarazi dutenez, baina, enpresak eta Sorianoren familiak akordio bat egin dute, eta ondorioz, epaiketa bertan behera utzi dute. Asteazkenean, enpresak oharra kaleratu zuen bere iritzia plazaratuz; eta orain, gauza bera egin du Elkar-elkin taldeak ere.

Elkar-ekinen irudiko, akordio horretan "lorpen esanguratsuak" daudela pentsatzen dugu. "Enpresaren aldetik, eragindako kalte moralen eta materialen errekonozimendu argia dago, baita ondoriozko kalte ordainak ordaintzeko konpromisoa ere". Taldeak esan du ez dela hasiko enpresaren adierazpen publikoei puntuz puntu erantzuten, horrek luze joko liokelako; baina beharrezko jo du gutxienez bi argipen egitea: "Adierazpen horietan informazio okerrak eman dira, eta sinatu duenaren atal garrantzitsu bat ezkutatu du enpresak. Kalte ordaina Sorianori eragindako kalte moral eta materialen ondorioa da, eta kalte ordain hori ez du aseguru etxeak bakarrik ordainduko, enpresak ere zati bat ordaindu beharko baitu. Hori da enpresak sinatu duena". Elkar-ekinek zehaztu du aseguru etxea ez legokeela behartuta inongo kalte ordainik ordaintzera, langile batek bere buruaz beste enpresa horren eraikinean egin izanagatik bakarrik.

Bigarren argipena honakoa da: "Baldintza sozialek, berez, ezin dutela suizidioa azaldu argudiatu du enpresak bere oharrean. Zur eta lur uzten gaituen baieztapena da. Suizidioen kausak konplexuak direla jakitun gara, baina argi dugu baldintza sozialek eta materialek (lanak, etxebizitzak, hil amaierara iristeko presioak, enpresa batean jasotako tratu txarrak eta abar) goitik behera zeharkatzen dutela gizakion osasun mentala. Egoera horiek daude eritasun psikologiko askoren oinarrian, eta horien ondorioz hainbat suizidio kasu gertatu dira. Horrela jasotzen da, besteak beste, epaitegi ezberdinek antzeko kasuetan eman dituzten sententzia ezberdinetan".

Bi zehaztapen horiek eginda, akordioaren inguruko balorazioarekin jarraitu du Elkar-ekinek, eta azken hilabeteotan jasan dituen presioen berri eman du: "Gure salaketa isiltzeko helburuarekin presioak, xantaiak eta difamazioak jasan ditugu azken hilabeteetan. Hala ere, herrian egin ditugun ekimen ezberdinek eta abokatuen lanak fruituak eman dituzte: lasai gaude esan eta egin dugunarekin", adierazi du tadeak. "Esplotazioa eguneroko ogia da herritar askoren bizitzetan, zeinak herritar horien ongizatea, osasun fisikoa eta buru osasuna erabat baldintzatzen dituen. Herrian bertan, langile asko dira sufrikario hori pairatzen ari direnak. Ez gaitezen ohitu errealitate horretara, ez gaitezen isildu injustizia lazgarri horien aurrean, eta, bereziki, ez dezagun ahaztu: esplotaturiko jendea dago, esplotatzen duen jendea dagoelako".

Testuinguru horretan, migratzaileen egoera, oro har, bertakoena baina zailagoa dela nabarmendu du Elkar-ekinek: "Migratzaileak estigmaren, susmoaren eta zalantzaren itzala daramate soinean: haien hitzek eta minek ez dute balio bera. Gaztearen testigantza publiko egin eta ondorengo asteetan oinarririk gabeko zurrumurru asko zabaldu ziren Azpeitian: bere gertukoen testigantza kuestioan jartzea, gertaera erlatibizatzea, familiari buruzko difamazioak aireratzea eta suizidioaren arrazoiak desitxuratzea, besteak beste. Akordio horretan, egindako kalte moral eta materialen errekonozimendua jaso izana garrantzitsua da guretzat, difamazio horiek ezerezean uzten baititu".

Bukatzeko, "errekonozimenduarekin eta erreparazioarekin batera, berriz antzekorik ez gertatzeko bermeak" beharrezkoak direla azpeimarratu du Elkar-ekinek. "Zoritxarrez, urrun gaude egoera horretatik, eta lanean jarraitzea dagokigu. Mina eta heriotza baino ez dakarren gizarte kapitalista honekin amaitu behar dugu: inork inor zapalduko ez duen eta sozialki denok berdinak izango garen herri baten alde, aurrerantzean ere gure aletxoa jartzen saiatuko gara Elkar-ekinetik".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide