Arabako Dantza Suelto Txapelketa irabazi dute bigarrenez Laura Bastidak eta Ekain Uzkudunek

Mailo Oiarzabal 2023ko mai. 2a, 09:57

Arabako txapelketan lehiatu ziren dantzariak elkarrekin, sariak banatu ondoren. Beheko lerroan ezkerretik aurrenak, Laura Bastida eta Ekain Uzkudun, sariekin. (Utzitakoa)

Duela bi urte ere lortu zuten txapela Gasteizen urrestildarrak eta azpeitiarrak. Alaia eta Amets Amubietak, berriz, jantzi onenarena jaso zuten.

Atzo, Estibalizko Andre Mariaren jaiegunaren barruan, jokatu zuten Gasteizen Arabako XXX. Dantza Suelto Txapelketa, eta Laura Bastidak eta Ekain Uzkudunek jantzi zituzten zapia eta txapela. Horrenbestez, bigarrenez irabazi dute Bastidak eta Uzkudunek Arabako txapelketa, 2021ean ere haientzat izan baitzen garaipena.

Hamar bikote lehiatu ziren atzoko txapelketan, eta horietatik lau Azpeitikoak ziren; txapeldunez gain, Gasteizen oholtzara igo ziren Jone Arriaran eta German Aranburu, Nora Aizpuru eta Iker Zabala, eta Alaia eta Amets Amubieta. Hain zuzen ere, Amubieta anai-arrebek ere jaso zuten saria; jantzi onenarena, hain zuzen. Sailkapen nagusiari dagokionez, Maren Galvez lezotarra eta Gorka Granado sopeloztarra izan ziren bigarrenak, eta Ane Jaunarena eta Endika Osa lezotarrentzat izan zen hirugarren postua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide