Saretzen

Yessica Allende: "Kanpotarra eta neska izatean, nire gaitasunak une oro zalantzan jartzen zituzten"

Aitziber Arzallus 2023ko api. 5a, 08:50

Yessica Allende. (Utzitakoa)

Gazte alde egin zuen Txiletik "abentura bila", eta bizitza erdia baino gehiago darama Azpeitian. Hasierako urteak "zailak" izan zirela dio, duela 23 urte gauzak oso bestelakoak zirelako. Baina, pixkanaka-pixkanaka, lortu zuen bere lekua egitea, eta hemen eraiki ditu familia eta bizimodua.

Yessica Allendek 21 urterekin erabaki zuen Txile utzi eta Euskal Herrira etortzea, eta 23 urte igaro dira ordutik. Gaur egun, Azpeitian bizi da bere senarrarekin –txiletarra hura ere– eta hiru seme-alabekin, eta Azpeitian bizi dira bere bi ahizpak, ilobak eta gurasoak ere. "Neska gaztea nintzela bakar-bakarrik etorri nintzen eta hemen egin naiz emakume, hemen eraiki dut familia, hemen hazi eta hezi ditut seme-alabak, hemen daukat gertuko familia, hemen dauzkat gehien maite ditunak. Bizitza erdia baino gehiago daramat hemen, eta nire lekua hau dela sentitzen dut". Txilera itzultzeko tentaziorik sekula ez duela izan ziurtatu du. "Joaten naiz oporrak pasatzera eta joaten naiz han ditudan gainontzeko senitartekoak bisitatzera, baina benetan axola zaidan guztia hemen daukat. Egunen batean hemendik joan beharra sortuko balitzait ere, ez nintzateke Txilera joango; Europan geldituko nintzateke".

Txilen publizitaterako argazkilaritza ikasi zuen Allendek, eta ikasketekin jarraitzeko asmotan hartu zuen Euskal Herrirako bidea. "Ikasten segi nahi nuen, baina abentura bila ere etorri nintzen, aukera berrien bila, probatzera". Hasieran, Donostiara jarri zen bizitzen, eta han hilabete batzuk egin eta gero, Europan barrena bidaiatzera joan zen. Baina ailegatu zitzaion unea Txilera bueltatu edo hemen gelditu erabakitzekoa, eta horretan zela, lan aukera sortu zitzaion Azpeitiko jatetxe batean, eta hemen gelditzea erabaki zuen. "Ikasten jardun nintzen bitartean ere lan egin nuen Donostiako eta Zarauzko taberna eta jatetxe banatan, baina Azpeitikoa lan aukera serioagoa zen. Onartu egin nuen, eta bizitzera ere Azpeitira etorri nintzen". 21-22 urte izango zituen orduan.

Lehendabiziko urteak "zailak" izan zirela dio. "Duela 23 urte oso bestelakoak ziren gauzak. Jendea orain baino askoz itxiagoa zen, eta ni, berriz, oso irekia naiz, hemengoak baino askoz gehiago. Garai hartan, ia ez zegoen atzerritarrik Azpeitian: marokoar eta ekuadortar batzuk bazeuden, baina hiru izango ginen txiletarrak. Ez zen batere erraza bertako jendearekin harremanak egitea, lagunak egitea; kanpotarra eta neska izatean, nire gaitasunak une oro zalantzan jartzen zituzten; baina nire izaera halakoa delako eta nire partetik asko jarri nuelako, ondo egokitu nintzen".

Urteotan guztiotan, era askotako lanak egin behar izan ditu aurrera ateratzeko. "Ostalaritzan jardun izan naiz, harreran… Autonomo izatea zer den ere badakit, negozio bat baino gehiago izan baititut: ortopedia bat, goxoki denda bat… Baina niri benetan gustatzen zaidana bitxigintza da, eta azken urteotan horretan ari naiz, bitxiak sortzen Miara Design markapean".

Zaintza arloan, hobetzeko asko

Allende Azpeitiko aurrenetako txiletarra izan zenez, bere kabuz moldatzen ikasi behar izan nuen, baina, gerora, harengana jo izan dute zuten Txiletik Azpeitira joandako herrikide askok. "Etxean hartzen nituen eta herrira egiten laguntzen nien. Beraz, harremana ia denekin nuen, baina ordurako nik hemen nire lagunak nituen, eta gehiago ibiltzen nintzen haiekin. Gerora, nire familiako kideak etortzen hasi ziren. Batzuk gogotsu, beste batzuk ez horrenbeste, gazteak ikastera etorri ziren eta gero bidaiatzera alde egin… Beti nituen familiako kideren batzuk inguruan, eta haiekin eta lagunekin ibiltzen nintzen batez ere".

Azken urteetan txiletar asko iritsi dira Azpeitira, eta gaur egun badira batzuk. Horietako asko emakumeak dira eta zaintza lanetan jarduten dute. "Nire bi ahizpak ere hala aritzen dira, eta ez oso baldintza onetan. Langabezia saria jasotzeko eskubiderik ez dute, soldata eskasak ordaintzen dizkiete, lanaldi luzeak dituzte, eta, gainera, gutxieneko titulazio bat izatera behartuak daude. Sistemarentzat ezinbestekoa da emakume horiek egiten duten lana, baina egiten duten lanari ez zaio daukan balioa ematen, zaintza lanetan jarduten diren emakumeak oso gutxietsita daude, eta beren eskubideak aldarrikatzen dituztenak kaleratzeekin zigortzen dituzte, beste asko daudelako lan hori bera are baldintza kaskarragoetan egiteko prest. Arlo horretan izugarri dago hobetzeko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide