Baditu irabazleak Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE) karnabaletan egiten duen Sokamuturra argazki lehiaketak. Atzo, astelehena, elkartu zen epaimahai puntuatzailea –Gorka Arregi, Kike Orbegozo eta Mikel Zengotita argazkilariak eta Enekoitz Esnaola, Zezen Beltz elkarteko kidea– , eta argazkilariek bidalitako argazkiak ikusi eta baloratu ostean, erabakia hartu zuten. Epaimahaiak horrela erabakita, Ander Uriak irabazi du 2023ko Sokamuturra argazki lehiaketa, eta bigarren eta hirugarren sailkatu dira Angel Olabarria eta Iñaki Etxenagusia, hurrenez hurren. Juan Mari Ibarzabal sailkatu da laugarren eta Iñigo Olarte bosgarren.
Iñaki Juaristi Altzarte saria, inauterietako jai giroari buruzko argazki onenari ematen zaiona, Juan Carlos del Pozok irabazi du.
Argazkiak ikusgai, martxoaren 25ean
Urtero bezala, argazki lehiaketara aurkeztutako argazkiekin erakusketa bat prestatzen ari da argazki elkartea. Betharram aretoan jarriko dute erakusketa, eta sarituen argazkiak aurrenekoz egun horretan ikusi ahal izango dira.
Sari banaketa erakusketaren irekiera egunean egingo da, martxoaren 25ean, larunbatez, 13:00etan. Argazki elkarteko kideek herritar oro gonbidatu dute erakusketa irekierara.