Hemen dira sansebastianak. Bi urteko halabeharrezko etenaldiaren ostean, gaur hasi eta igandea bitartean festa giroa nagusituko da Azpeitian, eta dagoeneko gogoa nabaria da herrian; ikusi besterik ez dago merkatariek nola apaindu dituzten erakusleihoak eta herritarrek beren etxeetako balkoiak nahiz leihoak. Helduen zein umeen danborradetan parte hartuko duten herritarrek egunak daramatzate jo eta su entseatzen eta udalak ere prest du ia guztia.
Eguraldi iragarpena tarteko zalantzan izan da haurren danborrada noiz egin: bihar edo igandean. Baina bihar eguerdirako eguraldiak hobera egitea espero dela eta, umeek ere San Sebastian egunean egingo dute danborrada. Hala erabaki dute gaur umeen danborradako taldeetako kideek, ikastetxetako guraso elkartetakoek eta udaleko ordezkariek.
Eguraldi iragarpen kaskarra egin dute gaur gauerako ere, baina hori ez da jaia egiteko oztopo izango. Izan ere, atzoko entseguaren ondoren egin zuten bilera danbor taldeetako zuzendariek eta Mikel Odriozola Festa batzordeburuak, eta haiek berretsi zuten –duela urte batzuk hartu zuten erabakia–, egiten duen eguraldia egiten duela, danborrada 22:00etan atera egingo dela. Dena den, eguraldiaren arabera, danborradaren bukaerako plazako errepertorioa moztu edo ez, unean bertan erabakiko dute danbor taldeetako eta udaleko ordezkariek.
San Sebastian bezperako helduen danborradan 30 taldek eta 1.500etik gora herritarrek parte hartuko dute; umeenean, berriz, hamar taldek eta 500 bat lagunek. "Pozgarria da berriro ere hain geureak eta horren parte hartzaileak diren San Sebastian festak ospatzeko moduan egotea. Azpeitiar askok eta askok gogoz bizi ditugu festa hauek, danborra joz edo kalean taldeak ikusiz, txaloak joz edo animatuz", adierazi zuen Nagore Alkorta alkateak astelehenean, festak aurkezteko egin zuten ekitaldian.
Berrikuntzak izango direla aipatu zuen alkateak, nahiz eta bere ustetan berrikuntzarik onena berriro kaleak hartzea izango den. "Jendetza izango da beste behin danborraren bueltan kalejiran, eta ohi bezala, aniztasuna eta parte hartzea izango dira nagusi. Heldu naiz gazte, emakume zein gizon... denentzako moduko festak izango dira aurtengoak ere".
Helduen danborradako berrikuntza nagusia kanta berria izango da: Pantxoa eta Peioren Batasuna. San Sebastian bezperako danborradan zein San Sebastian eguneko banderaren jaitsierakoan joko dute; hain zuzen ere, plazan entzungo den azken kanta izango da.
Bi omendu
Omenduei dagokienez, bi izango dira aurtengoan. Helduen danborradako Ardozaleak taldeak 50 urte beteko ditu San Sebastian bezperako danborradan parte hartzen, eta udalaren eta danborradaren omenaldia jasoko du taldeak gauerdian. Haurren danborradan, berriz, Juan Antxieta musika eskola omenduko du udalak, 40 urte betetzen dituelako aurten. "Polita iruditu zaigu musika protagonista duen festa honetan beraiek omentzea", zehaztu zuen alkateak. Umeen danborrada plazara iristen den unean egingo dute hori, udaletxean.
Haurren danborradako karroza Aitor Expositok egin du aurten, Euskal Antzerki Topaketen 40. urteurrena gai hartuta. Eta, nola ez, sokamuturrik ere ez da faltako aurtengo sansebastianetan; bi egunez ibiliko da zezena kalean: bihar eta igandean.
UKTk zuzenean
San Sebastian bezperako helduen danborradaren zuzeneko emankizuna egingo dute Urolako Komunikazio Taldeko hedabide diren Uztarriak, Erlo Telebistak eta Urola Kostako Hitzak. Saioa 21:30 aldera hasiko da, eta Mireia Galarza eta Koldo Aldalur kazetari azpeitiarrek gidatuko dute.
Bi aurkezleekin hizketan izango da hainbat gonbidatu berezi; besteak beste, zuzeneko saioan parte hartuko dute Nagore Alkorta alkateak eta Mikel Odriozola Festa batzordeburuak nahiz Aitor Exposito umeen danborradako karrozaren diseinatzaileak. Danborrada zuzenean jarraitzeaz gain, erreportajeak ikusteko aukera izango dute ikusleek.
Egitaraua
Urtarrilak 19, San Sebastian bezpera
22:00. Helduen danborrada, Olazko Andre Mariaren plazatik irtenda. 30 taldek parte hartuko dute aurtengo edizioan.
00:00. Talde guztiak plazan elkartuko dira, eta danborradako piezak joko dituzte. Gauerdian, gainera, Ardozaleek 50. urtemugako oroigarria jasoko dute udaletxean.
Urtarrilak 20, San Sebastian eguna
09:00. Izarraitz txistulari taldeko kideen eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleen goiz eresia, kalez kale.
09:30. Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeek kalejira egingo dute plazatik hasita, eta Udal Musika Bandako musikariak eta Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroak izango dituzte lagun.
10:15. Udal ordezkariak udaletxearen aurretik Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara joango dira.
10:30. Prozesioa, Alde Zaharrean barrena.
10:45. Meza nagusia, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian. Parrokiako eta Julian Barrenetxea abesbatzetako eta Azketa ahots taldeko kideek parte hartuko dute elizkizunean. Ignacio Arakistain arduratuko da elizkizunean organoa jotzeaz.
12:00. Sokamuturra, Erdikaletik aterara, plazan. Lopene ganadutegiko zezenak izango dira.
12:30. Arana kaletik eta Artzubia hiribidetik aterata, umeen danborrada. Kalez kale ibiliko dira hamar taldeak, eta plazan bukatuko dute ekitaldia. Gainera, taldeak plazan direla, Juan Antxieta musika eskolak omenaldia jasoko du. Halaber, danbor taldeekin batera aterako da karroza. Aurtengoa Aitor Expositok egin du, Azpeitiko 40. Euskal Antzerki Topaketak gai hartuta.
16:30. Sokamuturra, Erdikalean hasita. 20:00etara bitartean ohiko ibilbidea egingo du sokamuturrak. Lopene ganadutegiko zezenak izango dira.
23:15. Bandera jaitsierako danborradaren hasiera. Bustinzuriko Errebaletik abiatuko dira jaitsieran parte hartuko duten taldeak (Gastadoreak, Zulozabal, Loiolatxo, Itsasi, Harkaitza, Etxera, Basazabal eta Iraurgi SB), eta Alde Zaharrean kalejira eginda, plazan bukatuko dute ibilbidea.
00:00. Banderaren jaitsiera plazan. Udal Musika Bandak joko ditu danborradako piezak, zuzenean.
Urtarrilak 22, igandea.
12:00. Zezen Beltzek antolatuta, sokako zezen txikia Erdikaletik plazara. Ondoren, Bergarako Ze- zenak ganadutegiko zezen txikiak eta poniak plazan.
16:30. Zinuema: Gabi filma. Uemak eta Tinkok euskarazko zinema eskaintza bermatzeko sortutako egitasmoaren barruan.
16:30. Erdikalean hasita, sokamuturra; ohiko ibilbidea egingo du 20:00etara bitartean. Bergarako Zezenak ganadutegiko zezenak izango dira.