HAPO aldatzeko bilera irekia deitu du Azpeitiko Udalak astelehenerako

Julene Frantzesena 2022ko abenduaren 8a

Perdillegiko eremuaz hitz egingo dute asteleheneko bileran.

19:00etan izango da, udaletxeko bosgarren solairuan. Perdillegiko eremuan gizarte beharrei erantzuteko eraikina egiteko "ezinbesteko pausoa" da hirigintza planaren aldaketa puntuala gauzatzea, udalak azaldu duenez.

Azpeitiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) aldatzeko lehen bilera deitu du udalak astelehenerako. Planari aldaketa puntual bat egiteaz ariko dira hizketan bilkuran; izan ere, udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Perdillegiko eremuan –Garmendialde eremuan– gizarte beharrei erantzuteko eraikitzea adostuta duten eraikina egiteko beharrezkoa da aldaketa hori gauzatzea. Udalak azaldu duenez, eraikina egiteko "ezinbesteko pausoa" da plangintza aldatzea.

Azpeitiko Udaleko ordezkariek iazko abenduaren 2ko udalbatzarrean aho batez erabaki zuten Azpeitiko Plan Orokorraren lehen aldaketa martxan jartzea. Aldaketa hori egiten hasteko lehen bilera astelehenean 19:00etan hasiko da, udaletxeko bosgarren solairuan. San Martin zuzeneko jarduketarako lurzatia izango dute hizpide, eta gaiaz interesa duen edonork parte hartu ahal izango du bileran.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide