Azpeitiko Udalak eta Kirol Mahaiak Kirol Sariak antolatu dituzte beste urte batez, eta zabaldu dute herritarrek zein klubek hautagaiak proposatzeko epea. Hilaren 16ra bitartean izango da horretarako aukera, eta ohi bezala, hiru kategoria izango dira: gizonena, emakumeena eta aipamen berezia boluntario lanetan aritu diren norbanakoena edo lagun taldeena.
Hautagaiak aurkeztu nahi dituztenek hainbat modutara egin dezakete: herritarrei dagokienez, kirolak@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzi edo 943-15 00 95 telefonora deitu beharko dute; kirol taldeek, berriz, kirolak@azpeitia.eus helbidera bidali beharko dute mezua, eranskina atxikita. Udalak azpimarratu du garrantzitsua dela proposamenak egiterakoan kirol emaitzak ez ezik "bestelako merituak" ere kontuan hartzea.
Behin proposamenak aurkezteko epea itxita, herritarrek zein kirol taldeek botoa emateko aukera izango dute azaroaren 21etik 27ra bitartean. Udalak hautagaien zerrenda osatuko du, eta horien artean aukeratu dute herritarrek eta klubek. Herritarrentzat postontziak jarriko dituzte igerilekuan eta kiroldegian, eta kirolak@azpeitia.eus helbidera mezua idatzita edo 943-15 00 95 telefonora deituta ere eman ahal izango dute botoa; klubek, berriz, kirolak@azpeitia.eus helbidera idatzita izango dute horretarako aukera.
Epaimahaia, bestalde, azaroaren 28ko astean elkartuko da, eta jasotako proposamenetan oinarrituta aukeratuko du 2022ko Urteko Kirolaria, gizonen, emakumeen eta boluntarioen kategorietan. Sari banaketa ekitaldia, berriz, abenduaren 17an egingo dute, larunbatez. 12:00etan hasiko da saioa, eta udalak bertara joateko eskatu die hautagaiei; bestela, senitartekoren bat agertzea komeni dela adierazi du. Hautagaientzat luntxa egongo da amaieran.