Maskararik gabe eta ospatzeko gogo handiz elkartu ziren atzo Azpeitian dozenaka eta dozenaka trikitilari eta pandero jotzaile, ehundik gora aise, VII. Trikigiro jaialdian parte hartzeko. Hasiberriak eta beteranoak, ikasleak eta irakasleak, haur, gazte eta heldu, musikaz bete zuten herria arratsetik gaueraino.
Sanagustin kulturgunean hasi zuten aurten ere jaialdia. Hango arkupean, eskualdeko zein Hernanitik (Gipuzkoa) etorritako trikitilari eta pandero jotzaile gaztetxo ugarik erakutsi zuten beren maila, pixkanaka kulturgunea betetzen joan ziren ikus-entzuleen txaloen artean.
19:00etatik 20:00etara aurreikusita zegoen gaztetxoen erakustaldia, baina zertxobait luzatu zen. Horrela, kalejirari ekin aurretik atera zuten plazan urteroko argazki jendetsua, eta ondoren abiatu ziren partaide guztiak plazatik Erdikalera bidean. Musikari soka luzeak eta haien pasakalle bateratuaren doinuek bete zuten kalea, eta eskertu zieten jarduna gau epelaz gozatzen ari ziren herritarrek. Urtero legez, Perez Arregi plazatxoan egin zuten geldialdia Trikigiroko parte hartzaileek. Han, soinua eta panderoa ez ezik, oinak ere astindu zituzten batzuek, eta dantzan eta jauzika itzuli ziren bat baino gehiago Erdikalean gora plazaraino, han kalejirako azken piezak jotzeko.
Sanagustinera itzulita, 170 lagun elkartu ziren aurtengo afarian, eta afalondoan erromeriarekin jarraitu zuten ospatzen Trikigiro egitasmoaren arrakasta berria.
Hemen, VII. Trikigiroren argazki bilduma: