'Negu honetan hotzak, inor ez' kanpaina jarri du martxan Elkar-ekinek

Ihintza Elustondo 2022ko urriaren 28a

Negurako arropa eta manta lodiak biltzeari ekingo dio taldeak datozen asteotan. Azpeitiko herritarrei ez ezik, Bilbora iristen diren errefuxiatuei ere banatuko diete materiala.

Azpeitiko Elkar-ekin taldeak Negu honetan hotzak, inor ez kanpaina jarri du martxan. Egitasmo horren barruan, negurako arropa eta manta lodiak bilduko dituzte. "Hotza izango da datorren neguan pobreziak ekarriko duen ondorio larrienetako bat, baina hotzak ez gaitu guztiok berdin joko. Gurean asko dira etxeetan leiho kaxkarrak dituztenak, berogailua pizteko beldur direnak, eta neguaren gorrian hotzak eguneroko bizitza eta osasuna baldintzatuko dien pertsonak", adierazi du Elkar-ekinek.

Kanpaina martxan jarri izana azaltzerakoan, egungo errealitatea eta energia krisia izan dituzte hizpide Elkar-ekineko kideek: "Iberdrolak 4.000 milioi euroko irabazi zituen 2021ean, eta azken urteetan etengabe hazi dira bere mozkinak. Energia, eskubide bat izatetik urrun, negoziorako baliabide izugarria bilakatu da sektore horretan dabiltzan enpresa handientzat. Irabazi horien itzalean daude milaka herritarrek sufritzen dituzten pobrezia eta sufrimendu egoerak. Hotza da egoera horietako bat".

Elkar-ekinen arabera, "kapitalismoaren aurpegirik ankerrenaren lekuko" izaten ari da gizartea azken hilabeteetan; izan ere, oinarrizko produktuen prezioak hilabete gutxian %15 igo direla nabarmendu dute. "Eta ez dirudi datozen garaiak hobeak izango direnik. Aurrez larri dabiltzan pertsonen egoerak okerrera egin dezake", erantsi dute.

Egoera horren aurrean, "kaltetuenak diren pertsonekiko elkartasuna lantzea eta elkarrekiko babesa praktikan antolatzea" beharrezkoak direla uste dute. Horregatik jarri dute martxan kanpaina berria. Kanpaina horren bidez, honako material hauek bildu nahi ditu taldeak datozen asteotan: manta lodiak eta lo zakuak; gizonezkoentzat, neguan janzteko txamarrak, prakak, jertseak, kamisetak eta oinetakoak; emakumeentzat, oinetakoak; eta haur eta nerabeentzat (mutil edo neska), neguan janzteko txamarrak, prakak, jertseak, kamisetak eta oinetakoak.

Bildutako materiala beharrik handiena duten herritarren eta Bilbora iristen diren errefuxiatuen artean banatuko du Elkar-ekinek, datozen asteotan. Material bilketa Elkargunean eta bigarren eskuko arropa dendan egingo da. Elkarguneko ordutegia honako hau da: ostiraletan, 16:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 10:30etik 13:30era. Bigarren eskuko arropa dendako ordutegia, berriz, honako hau: astearteetan 11:00etatik 13:00etara; asteartetik ostegunera 17:00etatik 19:30etara; eta asteburuetan Elkargunearen ordutegi berean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide