Urriarekin dator Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIII. Zikloa, eta gaur aurkeztu dituzte zikloaren xehetasunak Bergaran. Aurten ere hiru herritan izango dira organo kontzertuak: Azkoitian, Azpeitian eta Bergaran. Azkoitian eta Azpeitian hiruna kontzertu eta Bergaran lau egingo dituzte, hamar guztira, datozen asteburuetan. Kontzertu guztiak 20:00etan hasiko dira eta sarrera doan izango da.
Organo erromantikoaren bueltan urtero antolatzen duten nazioarteko zikloak musikari bat eta urteurren bat ekarriko ditu gogora. Cesar Franck konpositore belgikarra jaio zela 200 urte beteko dira abenduan, eta Francken omenezkoa izango da zikloa aurten. Hain zuzen ere, zikloko hamar kontzertuetatik ia denetan izango da Francken sorkuntzak entzuteko aukera.
Organo Erromantikoaren Zikloa Azkoitiko, Azpeitiko eta Bergarako udalek antolatzen dute, Fray Joseph Echevarria elkartearekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Gaurko aurkezpenean, zikloaren arduradunak "pozik" agertu dira hiru herrietako egitarauarekin, eta "zoriontzekoa" dela uste dute "hainbeste urtez zikloari eta zikloaren mailari eustea".
Loiolan ostiraletan, Azkoitian larunbatetan
Datozen hiru ostiraletan emango dituzte aurtengo zikloaren barruan Loiolako basilikan egingo dituzten hiru kontzertuak. David Cassan organista frantziarrak emango du lehendabizikoa etzi, urriaren 7an, eta horixe izango da Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIII. Zikloaren barruko lehen kontzertua. Organo-jotzaile frantziar gazte ezagunenen artean dago Cassan. Caengo Kontserbatorioan eta Parisko eta Lyongo Kontserbatorio Nazionaletan ikasi zuen, nazioarteko sari bat baino gehiago irabazitakoa da, eta bakarlari lanak egin izan ditu hainbat musika taldetan, Frantzian nahiz beste hainbat herrialdetan.
Azpeitian egingo dituzten beste bi kontzertuei dagokienez, Loreto F. Imaz eta Itziar Urbieta azpeitiarra ariko dira urriaren 14koan, eta hilaren 21ean Xabier Urtasun organistak eta Rita Morais sopranoak egingo duten emanaldiarekin osatuko dira aurtengo zikloaren Loiolako hitzorduak.
Azkoitian, datozen hiru larunbatetan izango dira aurtengo organo zikloaren emanaldiak Ama Birjinaren Jasokundearen parrokian. Lidia Ksiazkiewicz organo-jotzaile poloniarrak emango du lehendabizikoa larunbat honetan, urriaren 8an. Hainbat sari bereganatutako organo-jotzailea da Ksiazkiewicz. Gaur egun, Estrasburgoko Kontserbatorioan irakaslea da eta Frantziako Laon hiriko katedraleko organo handia jotzen du.
Rudolf Muller eta Maria Mokhova (Orgelduo Sprit) organistena izango da Azkoitiko bigarren kontzertua, urriaren 15ekoa; eta Ama Birjinaren Jasokundearen parrokiako azken kontzertuan, hilaren 22an, Ana Belen Garcia organo-jotzailea Easo abesbatzarekin batera ariko da.
Azpeitiarak Bergaran
Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIII. Zikloa antolatzen eta hartzen duten eskualdeko bi herrietako sei kontzertuez gain, beste lau egingo dira Bergaran, eta horietako bitan musikari azpeitiarrak tartean izango dira.
Urriaren 22an, Ignacio Arakistain organo-jotzaileak kontzertua eskainiko du Santa Marina parrokian, Peio Irigoien txistulariarekin batera. Hilaren 29an, berriz, Azpeitiko eta Bergarako musika eskoletako organo ikasleek toki berean egingo duten agerraldiarekin amaituko da aurtengo zikloa.
Egitarau osoa
Hau da Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIII. Zikloaren barruan Azpeitian, Azkoitian eta Bergaran izango diren kontzertuen zerrenda:
Azpeitia
Urriak 7, ostirala. 20:00etan, Loiolako basilikan, David Cassan organista.
Urriak 14, ostirala. 20:00etan, Loiolako basilikan, Loreto F. Imaz eta Itziar Urbieta organistak.
Urriak 21, ostirala. 20:00etan, Loiolako basilikan, Xabier Urtasun organista eta Rita Morais sopranoa.
Azkoitia
Urriak 8, zapatua. 20:00etan, Amabirjinaren Jasokundearen parrokian, Lidia Ksiazkiewicz organista.
Urriak 15, zapatua. 20:00etan, Amabirjinaren Jasokundearen parrokian, Rudolf Müller eta Maria Mokhova organistak.
Urriak 22, zapatua. 20:00etan, Ama Birjinaren Jasokundearen parrokian, Ana Belen Garcia organista eta Easo abesbatza.
Bergara
Urriak 8, zapatua. 20:00etan, Santa Marina parrokian, Aitor Olea organista, Bergarako Musika Eskolako haurrak eta Orfeoi Gaztea.
Urriak 15, zapatua. 20:00etan, Santa Marina parrokian, Alize Mendizabal eta Monica Melacova organistak.
Urriak 22, zapatua. 20:00etan, Santa Marina parrokian, Ignacio Arakistain organista eta Peio Irigoien txistularia.
Urriak 29, zapatua. 20:00etan, Santa Marina parrokian, organo ikasleen emanaldia.