Azaroaren 16an, asteazkenez, zabalduko dute Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketarako izena emateko epea. Egun horretan, 18:00etatik aurrera, lasterketaren webgunean eman ahal izango dute izena proban parte hartu nahi duten kirolariek.
Gainera, lehen edizioan baino dortsal gehiago kaleratuko dituzte bigarrengoan; datorren urteko maiatzaren 6ko probarako, 550 dortsal jarriko dituzte eskuragarri –aurtengo maiatzean egin zuten ediziorako 400 jarri zituzten–.
Duela bi aste jakinarazi zuen Lagun Onak Mendi Bazkunak Domusa Tekniken laguntzarekin antolatzen duen 40 MLK lasterketaren bigarren edizioaren data: aurten baino astebete lehenago egingo dute –aurten maiatzaren 14an egin zuten–, maiatzaren 6an, hain zuzen ere.