Txikia IV.a eta Larrañaga Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligaren finalean ariko dira

Mailo Oiarzabal 2022ko urriaren 4a

Iker Vicente eta Suharri Rodriguez izango dira beste bi finalistak. Pobesen (Araba) jokatuko dute finala, igande honetan.

Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Mikel Larrañaga azpeitiarra Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligaren finalean lehiatuko dira. Datorren igandean, urriaren 9an, jokatuko dute finala, Pobesen (Araba).

Urrezko Aizkoran aurreko edizioetan gehien nabarmendutako aizkolariak lehiatzen dira Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligan. Aurten, bi multzotan banatuta, sei aizkolari lehiatu dira ligaren sailkapen fasean. Iker Vicente, Txikia IV.a eta Larrañaga nor baino nor aritu dira multzo batean, eta Suharri Rodriguez, Hodei Ezpeleta Bihurri eta Jokin Urretabizkaia Basozabal, bestean.

Sei aizkolari horietatik lau lehiatuko dira igandeko finalean: Vicente eta Rodriguez, beren multzoetako irabazleak izateagatik zuzenean sailkatuta; eta Larrañaga eta Txikia IV.a, beste bi finalistak erabakitzeko jokatu diren bi finalaurrekoetako irabazleak. Larrañagak –bere multzoko hirugarrena– beste multzoan bigarrena izan zen Bihurriri irabazi zion irailaren 25ean Lantziegon (Araba). Eta herenegun, Bilboko Deustuan, Txikia IV.ak bereganatu zuen finalerako laugarren eta azken txartela. Azkoitiarra bigarrena izan da bere multzoan eta, horrenbestez, beste multzoan hirugarren gelditu denarekin, Basozabalekin, neurtu zituen indarrak igandean.

Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligan, aizkorako modalitate ezberdinetan bost lan egin behar izaten dituzte saioko, eta guztien denboren baturak erabakitzen du sailkapena. Finalean, kanporaketa saioetan baino lan luzeagoa eta zailagoa izango dute aizkolariek. 45 ontzako enbor bat ahalik eta kolpe gutxienekin moztu ondoren, 45 ontzako beste bat etzanda, kanaerdiko bat zutik eta oinbiko bat etzanda ahalik eta azkarren moztu beharko dituzte, bukaerako lan luzeari ekin aurretik; azken saio horretan, kanaerdiko bi enbor, 60 ontzako beste bi eta oinbiko bat moztu beharko dituzte.

Joan den zapatuan, Gipuzkoako Aizkolari Txapelketan txapeldun eta txapeldunorde izan ziren, hurrenez hurren, azpeitiarra eta azkoitiarra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide