Azkoitiko Oletan ere Ez! eta Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo Sañu Bizirik taldeek bilera bana egingo dute bihar eta etzi. Bihar, asteartea, egingo du batzarra Oletan ere Ez! zentral eolikoen aurkako taldeak Azkoitiko Elkargunean. 19:00etan elkartuko dira han, eta taldeak hainbat gai jorratuko dituzte. Hala eta guztiz ere, hilaren 12an Elosuan egingo duten elkarretaratzeari buruz hitz egingo dute gehienbat. Izan ere, eolikoak jarri nahi dituzten Gipuzkoako herrietako zentral eolikoen aurkako taldeak han elkartuko dira egun horretan. Biharko bileran egun hori nola prestatu eta antolatu hitz egingo dute, eta herritarrei bertan parte hartzeko deia egin diete.
Etzi, asteazkena, Azpeitia, Zestoa eta Errezil artean egin nahi duten zentral eolikoaren aurka dagoen Sañu Bizirik taldeak Azpeitiko Baigerako aretoan egingo du batzarra, 20:30ean. Taldeak adierazi du "garbi" daukala Sañoa gailurraren inguruan egin nahi duten zentral eolikoak "zer-nolako suntsipena eragingo duen ingurune naturalean eta elikatzeko behar-beharrezkoak diren lurretan". Hori horrela, Sañu Bizirik taldeak antolamenduari buruzko batzar irekia egingo du. Era berean, datozen egunetan egin nahi dituzten mobilizazioak ere zehaztuko dituzte. "Talde anitza eta parte hartzailea izan dadin nahi dugu, eta zentral eolikoen aurka dauden herritar guztiei batzar irekira etortzeko deia zabaldu nahi diegu".