Bertanek eta Azpeitiko Udalak "positiboki" baloratu dute Stock Azoka

Maialen Etxaniz 2022ko irailaren 23a

Merkatarientzat "bultzada polita" izan dela adierazi dute Stock Azokaren sustatzaileek. Joan zen ostiralean eta larunbatean egin zuten azokaren aurtengo edizioa.

Joan zen ostiralean eta larunbatean Azpeitiko merkatarien Stock Azokaren edizio berri bat egin zuten Azpeitian. 43 dendak parte hartu zuten egitasmoan, eta denboraldiz kanpoko produktuak prezio berezietan eskaini zituzten. Azpeitiko Udalak eta Bertanek egin dute balorazioa, eta "positibotzat" jo dute parte hartu duten saltokien kopurua: "Hamabi saltoki izan ziren Azoka Plaza barruan postua ezarri zutenak, eta 31 haien denda aurrean jarri zutenak. Horrenbestez, 43 saltoki, denera". 

Salerosketei dagokienez, oro har, "balorazio ona" egin dute dendariek: "Ohikoa den moduan, ostiral arratsaldea eta larunbat goiza izan ziren, bereziki, erosketa momentu garrantzitsuenak. Edonola ere, jendearen joan-etorria etengabea izan zen azokak iraun zuen bitartean, eta eguraldia lagun, jende asko hurbildu zela esan daiteke".

Salmenta postuez harago, egitarau aldetik, aurten berriro ere egunean zehar askotariko ekintzak izan ziren herrian: puzgarriak, musika eskolaren emanaldia, magia ikuskizuna...  Bestalde, "pizgarri moduan", 100 euroko sei erosketa bonoren zozketa egin zuten Bertanek eta udalak azokara gerturatu ziren bezeroen artean. Dagoeneko jakinarazi dituzte saridunen izenak: "Hiru sari etxez-etxe banatutako esku-orria bete eta saltokiren batera eraman zutenen artean banatu ziren, eta beste hiru azokara hurbildu eta erosketak burutu zituzten bezeroen artean.  Dagoeneko jakinarazi dira zein izan diren sei saridunak:  Idoia Letamendia, Maria Jose Zabarte, Irune Alberdi, Mila Perez, Luis Eizagirre eta Khalind.  Zorionak guztiei!".

Azpeitiko Udalak eta Bertanek eskerrak eman nahi izan dizkiete azokara gerturatu ziren herritar guztiei, eta haien ohiturek duten garrantzia azpimarratu dute: "Guztiaren gainetik, aipatzekoa eta eskertzekoa da herritarren parte-hartzea eta gertutasuna, haien esku baitago tokiko merkataritza bizirik mantentzea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide