Donostiako eta Lekeitioko dantza txapelketak irabazi dituzte Laura Bastidak eta Ekain Uzkudunek

Andoni Elduaien 2022ko irailaren 7a

Joan den astean, Zarauzko Binakako Dantza Txapelketa irabazi zuen bikoteak, eta asteburuan Donostian eta atzo, asteartea, Lekeition irabazi zuten Azkoitiko Bizkargi musika eta dantza eskolako dantzari azpeitiarrek.

Azkoitiko Bizkargi musika eta dantza eskolako Laura Bastida eta Ekain Uzkudun dantzari azpeitiarrak aste gozoa ari dira bizitzen. Joan den astean, Zarauzko Binakako Dantza Txapelketa irabazi zuten. Txapelketa horren ondoren, Donostian eta Lekeition (Bizkaia) aritu dira bi dantzariak, eta bi txapelketa horietan ere txapeldun izan dira.

Donostiako Helduen Dantza Suelto Txapelketa joan den igandean jokatu zuten, eta han Lezo, Oiartzun, Bergara eta Azpeitiko zazpi bikotek parte hartu zuten. Bastidak eta Uzkudunek irabazi zuten txapela eta Bizkargi eskolako Nora Aizpuruk eta Iker Zabalak osatutako bikotea laugarren sailkatu zen.

Atzo, berriz, Lekeition (Bizkaia) izan ziren lau dantzari horiek. San Antolin jaietan murgilduta daude han, eta Lekeitioko III. Dantza Sueltoko Txapelketa jokatu zuten arratsaldean. Zazpi bikotek parte hartu zuten lehian, eta Bizkargi eskolako bikotea izan zen guztietan onena. Leire eta Iker Urrestilla zestoarrek ere parte hartu zuten atzoko txapelketan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide