Segidan, aurreskua dantzatu dute bi dantzarik erakundeetako ordezkari guztien aurrean, eta guztiak basilikara sartu aurretik, lehendakariak banan-banan agurtu ditu Azpeitiko Udaleko zinegotziak eta aldundiko diputatuak. Erakundeetako ordezkariak basilika barruan zirela, Francisco Perez Iruñeko artzapepizkua buru zutela sartu dira apaizak eta gotzainak basilika barrura. Horien artean, besteak beste, Kepa Susperregi Azpeitiko erretorea, Santos Montoya Calahorrako (Espainia) gotzaina eta Arturo Sosa jesuiten burua sartu dira; azken horrek eman du, gainera, gaurko homilia edo sermoia. Loiolako basilika goraino bete da gaurko elizkizunean, eta askok atarian jarraitu dute meza. Julian Barrenetxea abesbatzak, Azketa ahots taldeak eta Parrokiako koruko kideek abestu dute elizkizunean, eta Itziar Urbieta izan da organista.
Bihar, San Inazio bigarrenez, egingo dituzte azken urteetan San Inazio egunez egin izan dituzten prozesioa eta meza. Biharko elizkizuna Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen parrokian egingo dute, eta 11:00etan hasiko da. Julian Barrenetxea abesbatzak, Azketa ahots taldeak eta Parrokiako koruak parte hartuko dute, eta Ignacio Arakistain izango da organista.