Asteak pasa ditu Haujijijai batzordeak Azpeitiko Santio eta San Inazio festak antolatzeko bilerak egiten, eta, dagoeneko, prestatu duen egitarau osoa aurreratu zuen atzo, astelehena. Festa batzordeko Ibai Berrezibarrek adierazi zuenez, "aurreko urteetako ekintzak mantentzen saiatu gara, baina, hala ere, baditugu berrikuntzak. Hala nola, bost urteren ondoren, bakailao txapelketa izango dugu berriro". Bakailao txapelketarako izen-ematea zabalik da, eta Korrale, Jim Clark, Sanagustin eta Haginpe tabernetan nahiz 943-15 70 68 (Kultura Saila) telefonora deituta egin daiteke.
Haujijijai batzordeak antolatzen duen San Inazio bezperako herri bazkarirako sarrerak uztailaren 27an eta 28an erosi ahal izango dira plazan. Hain zuzen ere, 17:00etatik 20:00etara jarriko dute txartelak saltzeko mahaia, eta bazkarirako txartelak hamar eurotan erosi ahal izango dira. Kamiseta ere jarriko dute saltzen, bost eurotan.
Bestalde, eraso sexisten aurkako protokoloa jarriko dute abian festetan, eta haren xehetasunak emateko, aurkezpena egingo dute uztailaren 26an, asteartea, 19:00etan Azpeitiko Azoka Plazako aretoan. "Udan herrietako festekin batera, eraso matxistak jasateko testuinguru aproposa sortzen da. Azken asteetan ikusi ahal izan dugu. Festa giroan pairatzen diren erasoak borrokatzeko neurriak hartuko ditugu, eta Itaiak garatutako eraso matxisten aurkako protokoloa martxan jarriko dugu txosnagunean", aurreratu zuen Jokine Jimenezek.
"Azken bi urteetan ez dugu festarik izan, eta iaz esan genuen bezala, festa herrikoiak aurrera ateratzeko borondatea bagenuen. Prestatu dugun egitarauarekin borondate hura berretsi dugu. Hala, herritar oro animatu nahi dugu ekintzetan parte hartzera. Bi urteren ondoren, bueltan garelako Berriz lehertzeko prest", amaitu zuen Berezibarrek.