Iokin Agirre eta Arantzazu Araneta azpeitiarrek irabazi dute Eskoriatzako I. Rallysprinta

Nerea Uranga 2022ko uztailaren 17a

Atzo, zapatua, jokatu zen auto lasterketa Eskoriatza eta Aretxabaleta (Gipuzkoa) herrien artean. Agirre eta Araneta, gaur gaurkoz, Euskadiko Rallysprint Txapelketaren sailkapen buru dira.

Iokin Agirre eta Arantzazu Araneta (BMW M3) azpeitiarrek irabazi zuten atzo, zapatua, Eskoriatzako I. Rallysprinta. Proba hori irabazita, Euskadiko Rallysprint Txapelketaren sailkapen buru dira. Irailaren 10ean jokatuko da txapelketa horretako azken auto lasterketa Aramaion (Araba).

Agirrez eta Aranetaz gainera, beste azpeitiar eta azkoitiar gidari batzuk ere parte hartu zuten atzo Debagoienan jokatutako rallysprintean. Iraitz Olariaga eta Oihane Uranga (Honda Civic) azkoitiarrek zortzigarren postuan bukatu zuten lasterketa. Iosu Alberdi eta Joseba Urresti (BMW 325i) azpeitiarrek 11. postuan bukatu zuten proba. Hamazazpigarren egin zuten Imanol Zabalak eta Jon Sorozabalek (BMW 325i). Haren atzetik bukatu zuten lasterketa Azkoitiko Gaizka Segurolak eta Onintze Lonbidek (Ford Focus).

Hainbat istripu izan ziren atzoko Eskoriatzako rallysprintean eta hango irudiak Goiena.eus-en ikus daitezke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide