Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen Wikipediako txokoa sortzen ari dira

Mailo Oiarzabal 2022ko uztailaren 13a

Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kooperatibak elkarlanean antolatuta, gaur goizean hasi dira lanean Sanagustin kulturgunean, eta arratsaldean ere izango dute horretarako aukera hara joaten diren herritarrek.

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketek 40 urte beteko dituzte aurten. Urtero legez, udazkenean iritsiko dira herrira euskarazko antzezlanez betetako topaketak, baina gaur bertan ere protagonista dira Euskal Antzerki Topaketak Azpeitian.

Izan ere, lau hamarkadako ibilbide luze eta oparoaren ondoren Wikipedia sareko entziklopedian Azpeitiko Topaketekin lotutako sarrerarik ez dagoela jabetuta, jardunaldia antolatu dute elkarlanean Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kooperatibak, hutsune hori bete eta Euskal Antzerki Topaketek Wikipedian ere beren txokoa izan dezaten.

Gaur ari dira egiten Topaketen historia Wikipedian jasotzeko proiektuaren lehen lan jardunaldia, Sanagustin kulturgunean. Goizean hasi dira, eta arratsaldean berrekingo diote lanari, 16:00etatik aurrera. Proiektuarekiko interesa duten herritar guztiek parte hartu ahal izango dute arratsaldeko saioan. Udazkenean izango dira aurtengo topaketak, eta urtemuga dela eta, historia biltzen ari dira bi erakundeak. Udal artxibategiko informazioaz haratago, herritarren informazioa nahiz horien argazkiak jaso nahi dituzte.

Goizeko saioko argazkien bilduma Kulturazen artxibategi digitalean ikus daitezke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide