Joan zen astean bukatu zen Zestoako Antzerki Astearen balorazio positiboa egin dute haren antolatzaileek. Eromen Produkzioakek azaldu duenez, inoiz baino egitarau "aberatsagoa" izan du aurtengo edizioak, hamargarrenak, eta emaitzarekin "oso gustura eta eskertuta" dagoela adierazi du taldeak.
Emanaldietan 630 ikus-entzule izan dira, bai Zestoakoak, bai inguruko herrietakoak. Eromenek azaldu duenez, antzezlan batzuk ikusle kopuru murriztuari zuzendutakoak ziren, eta horiek "oso bereziak" izan direla esan du; Haykio eta Sexberdinak, kasu.
Antzezlanetan gai "oso anitzak" landu direla ere esan du talde sustatzaileak, eta horrek aukera berriak eraman dituela Zestoara. "Alde horretatik inoizko ediziorik oparoena izan da". Bestalde, aktore baten osasun arazoak tarteko, Harriminak antzezlana ezin egin izanaren penaz geratu direla adierazi dute.
Antzerki Astearen kabia izan den Caravan Parkean ere jarri du arreta taldeak; izan ere, haren ustez, gune horrek aukera ederra eskaintzen du edozein motatako emanaldiak muntatzeko. "Alde horretatik eskerrak eman nahi dizkiogu Zestoako Udalari, oraingo honetan ere aukera emateagatik".
Herria bizirik mantentzeko halako egitasmoak egitea "nahietaezkoa" dela adierazi du Eromen Produkzioakek, eta lanean jarraituko dutela azpimarratu du, gutxienez beste hamar urtez antzerkia herrira hurbiltzeko. "Orain indarrak hartuko ditugu, baina laster hasiko gara ZAA!23 makinatzen".