"Lan gogorra izan da, baina aurkikuntza ugarirekin bukatu ditugu 2022ko landa lanak". Horrela laburbidu dute Azpeitiko Antxieta arkeologia taldekoek Asurtzuko eremuan ekainaren 6tik 30era bitartean egin duten indusketa lana. Iazko udan hasitako elkarlanari jarraipena emanez, Valladolideko Unibertsitateko lantalde batek gidatu ditu lanak, Izaro Quevedo arkeologoa eta Manuel Rojo historiaurrean katedraduna buru zituela, Antxietakoen laguntzarekin.
Erlo tontorraren magalean dago Asurtzu bailara, Izarraitz mendilerroan, Azpeitiko lurretan. 2013tik ari dira Antxietakoak Asurtzun aire zabaleko indusketa arkeologikoak egiten, eta lan horrek hainbat fruitu eman ditu. Eremuaren aberastasun arkeologikoaz jabetuta, unibertsitateko adituen eta haien puntako baliabideen esku utzi nahi izan dute indusketen gidaritza, eta Azpeitiko Udalaren laguntza izan dute horretarako.
Azterketen emaitzen zain
Aurtengo indusketa lanek ere eman dute uzta. Aztarna aipagarri bat baino gehiago topatu dituzte Asurtzun, eskuz egindako lurrezko ontzi multzo "bikainak" eta harrizko tresnak, esaterako. Indusketa lanek azaleratutako elementurik deigarriena, ordea, bero handiko erreketarako erabil zitekeen eraikin bat izan da. "Benetan interesgarria da estruktura konplexu hori. Orain, zertarako erabiltzen zen ikertu beharko da", azaldu du arkeologia taldeak Uztarria.eus-eko bere gunean. "Gizakiak intentzioz" lurperatutako bobido bat ere topatu dute.
Orain, aurkikuntza horiek laborategian aztertzeko unea dator, benetako balioa zehazteko.