Bi urtez festak bere horretan ospatu gabe egon dira Urrestillan ere, baina itzulerako sanjoanetan betiko ohitura asko mantendu dituzte. Urtero ekainaren 23tik 26ra izaten dituzten festa egunen aurreko edo ondorengo asteburua baliatzen dute urrestildarrek jaietako zenbait ekitaldi seinalatu egiteko, eta aurten ere horrela egin dute.
Datorren ostegunetik igandera ospatuko dituzte sanjoanak, baina joan den asteburuan hasi da festa giroa pizten Urrestillan. Ostiraleko pilota jaialdiaren ondoren, herenegun XVIII. San Joan Herri Krosa egin zuten (hemen, argazkiak eta bideoa); eta zapatu arratsalde-iluntzea borobiltzeko, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin kantuan eta dantzan ibili ziren, kalez kale aurrena eta soziedadean ondoren.
Atzo, berriz, Jubilatuen Eguna ospatu zuten Urrestillan. Antxieta elkarteak Festa Batzordearen laguntzarekin eman zien aurten ere bazkaria jubilatuei, baita meza ondoreneko plazako hamaiketakoa ere. Aurten ere herritar urtetsuenak omentzeko tartea hartu zuten bazkarian: Carmen Aristik jaso zuen lore sorta, bertaratuen txalo artean. Bazkalondoan, berriz, bingoan ibili ziren.
Atseden pixka bat hartuta, ostegunean itzuliko da festa Urrestillara, sanjoanetako lau egun beteak hasteko.