Catalina Soto garaile, Azpeitian jokatutako Euskal Herriko Txirrindulari Txapelketan

Ihintza Elustondo 2022ko mai. 30a, 10:30

Aise irabazi du lasterketa nagusia txirrindulari txiletarrak. Haren atzetik sailkatu da Aranza Villalon txiletarra, eta hirugarren Naia Amondarain helmugaratu da; hura izan da lehen euskal herritarra, eta beraz, hura izan da Euskal Herriko txapelduna.

Emakumeen Euskal Herriko Txirrindulari Txapelketa jokatu zuten atzo, igandea, Azpeitian. Bi lasterketatan banatuta jokatu zuten txapelketa: 15:15ean hasi zen kadeteen proba, eta 16:30ean junior, 23 urtez azpiko eta Elite mailatako txapelak banatuko zituena.

Lasterketa nagusia Catalina Soto txiletarrak irabazi zuen; proba guztian zehar buruan joan zen txirrindularia. Haren atzetik sailkatu zen Aranza Villalon txiletarra, eta hirugarren Naia Amondarain helmugaratu zen; hura izan zen lehen euskal herritarra, eta beraz, hura izan zen Euskal Herriko txapelduna.

Kadeteen mailan, bestalde, Paula Ostiz izan zen txapelduna; haren atzetik sailkatu zen Melanie Dupin frantziarra, eta Naiara Espinosak eskuratu zuen hirugarren postua. Juniorretan, Olatz Arteagarentzat izan zen lehen postua, Nahia Aranarentzat bigarrena, eta Naroa Olanorentzat hirugarrena. 23 urtez azpikoetan, Naia Amondarain sailkatu zen aurrena, eta Lur Zufiria bigarren. Elite mailan, Tania Calvo sailkatu zen aurrena, Ziortza Isasi bigarren eta Muskilda Oloriz hirugarren.

Bi ibilbide

Ibilbide ezberdina osatu zuten bi lasterketek. Kadeteak Azkoitira joan ziren lehendabizi, Munategitik Santakutzerako bidea hartuta; Azpeitira itzulita, Iraetaraino joan eta handik Arroagora igo ziren; Azpeitira itzuli ziren lasterketaren azken txanpan, Landetatik Goenara igo, Garmendigainera jaitsi, eta saihesbidean behera hartuta, Jose Artetxe kaletik Zelai Luzeraino joateko. Eguneko bigarren lasterketako txirrindulariak, berriz, kostarako bidea hartu zuten hasieratik, eta Azpeitia-Arroagoia-Landeta-Goena zirkuitua hiru aldiz egin zuten; hirugarrena osatuta, kadeteek bezala. Sanjuandegiko biribilgunera jo eta helmugara arteko azken metroak egin zituzten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide