Agirre Etxe harategiak irabazi du Gipuzkoako I. Hanburgesa Artisau Lehiaketa

Gorka Eizagirre eta Ihintza Elustondo 2022ko maiatzaren 29a

Guztira, 21 harakinek parte hartu dute txapelketan, eta horietatik bost izan dira azpeitiarrak. Otamendi harategia sailkatu da bigarren, eta Azpeitiko Lopene harategia hirugarren. Garagardo artisauaz ere gozatu ahal izan dute herritarrek. Bildutako dirua gerrak kaltetutako pertsonentzako materiala erostera bideratuko dute.

Gipuzkoako I. Hanburgesa Artisau Lehiaketa egin zuten atzo Azpeitian, Azpeitiko Udalak, Ederto Gipuzkoako harakinen elkarteak eta Dendartean Gipuzkoako merkatari elkarteen bilkurak antolatuta. Guztira, 21 harakinek parte hartu zuten txapelketan, eta horietatik bost izan dira azpeitiarrak –Elikagunea, Lopene, Manuel, Odriozola eta San Sebastian–. Epaimahaiak partaide guztien hanburgesak probatu ostean, honako erabakia hartu zuen: Agirre Etxe harategia izan da irabazlea, Otamendi harategia sailkatu da bigarren, eta Azpeitiko Lopene harategia hirugarren.

Lehen aldiz egin dute txapelketa Azpeitian, eta ikusmina sortu zen atzokoan. Harakin bakoitzak bere hanburgesa aurkeztu zuen txapelketara, eta sukaldariek denak modu berean prestatu zituzten. Ondoren, Leire Beristain Edertoko kideak, Ander Ugarte Azpeitiko Udaleko zinegotziak eta Julen Galarraga sukaldariak dastatu zituzten hanburgesa horiek, eta haiek emandako botoen bidez hartu zen azken erabakia.  Epaimahaiak hanburgesaren itxura, testura, kolorea, zaporea, bertakotasuna nahiz produktuen konbinazioa baloratu zituen.

Dastaketa ere bai

Lehiaketa tarteko, herritar guztiek izan zuten hanburgesak dastatzeko aukera, 18:00etatik aurrera. Banatu zituzten hanburgesak lehiaketara aurkeztutako okelarekin eginak izan ziren, eta ogi artean eta bakoitzak nahi dituen osagaiekin –gazta, tipula potxatua, ketchupa, mahonesa...– zerbitzatu zituzten horiek. Janariaren osagarri gisa, garagardo artisauaz ere gozatu ahal izan zuten herritarrek. Izan ere, Euskal Herriko bost garagardo ekoizleren produktuak izan ziren dastagai: Atala Brewing, Baobeer, Iparra, Mitika eta Izar-Haitz. Gainera, arratsaldean ez ezik, garagardo horiek probatzeko aukera izan zen 12:00etatik 14:30era bitartean ere.

Lehiaketak nahiz dastaketak ikuspuntu solidarioa izan zuten. Izan ere, bildutako dirua gerrak kaltetutako pertsonentzako materiala erostera bideratuko dute. "Bertako harakinen zein garagardo ekoizleen produktuak ezagutuz, gerraren gordintasuna pairatzen dutenei iritsiko zaie ekarpena", azaldu dute antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide