GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak jakinarazi duenez, ostegun gauean Ipar Euskal Herriko GKSko kide bat atxilotu zuen Ertzaintzak, Itziarren (Deba, Gipuzkoa). "Eraso" hori salatzeko, atxilotuaren "askatasun osoa" exijitzeko, eta hari nahiz haren ingurukoei "babes osoa" adierazteko, mobilizazioa deitu du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak. Hain zuzen ere, gaur –larunbata– egingo dute elkarretaratzea, 19:00etan, Azpeitiko plazan.
GKSk salatu dutenez, kidea atxilotuta daukate oraindik. Gainera, haien hitzetan, Poliziak atxiloketaren unean jakinarazi dio behin-behinean espetxeratuko dutela, sei hilabeterako gutxienez. Gazte lapurtarra, azken berrien arabera, Eibarko komisarian daukate (Gipuzkoa). Gaur-gaurkoz, ez dute esan zer leporatzen dioten, baina, GKSren arabera, dirudienez duela lau urteko auziren batekin lotuta dago atxiloketa.