Garaipen bikainarekin urreari eutsi dio Juaristi ISBk

Nerea Uranga 2022ko maiatzaren 21a

Urrezko LEB ligari eusteko hil ala biziko partida jokatu zuen atzo, 21:00etan, Juaristi ISBk Palenciaren kontra, eta bizi-bizirik dagoela erakutsi zuen Iñaki Jimenezek zuzentzen duen taldeak. 88 eta 85 irabazi zuten.

Juaristi ISBk urrezko taldea dela erakutsi zuen beste behin atzo, ostirala, 21:00etan, Azpeitiko kiroldegian Palenciaren kontra jokatutako neurketan. Milatik gora zaletu bildu ziren harmailetan, eta haien txalo zaparradarekin ospatu zuten Iñaki Jimenezen mutilek 88 eta 85 emaitzarekin lortutako garaipena.

Partida bikaina jokatu zuen, eta azkeneko segundoak arte borrokatu zuen etxeko taldeak. Izan ere, neurketa bukatzeko minutu baten faltan, 85 eta 85 berdinduta zeuden bi taldeak. 47 segundo falta zirenean amaitzeko, Juaristi ISBko Savkov-ek hirukoa saskiratu zuen, eta etxeko taldea 88 eta 85 aurretik jarri zen. Azken segundoetan aurkariek saskiratzeko hiru aukera huts egin zituzten, eta txalo zaparrada artean ospatu zuten Juaristi ISBkoek Urrezko LEB liga benetan merezi dutela.

Iñaki Jimenez: "Giroa zoragarria izan da"

Iñaki Jimenez Juaristi ISBren entrenatzailea oso gustura azaldu zen atzo bere taldeak egindako lanarekin: "Bagenekigun oso gogorra izango zela Palenciaren kontrako neurketa, eta hala izan da. Gorabehera asko eduki ditugu, baina azken partida zen, finala zen, eta dena eman behar genuen irabazteko. Oso ondo jokatu dugu; 88 puntu sartu ditugu talde handi baten kontra".

Atzoko kiroldegian izan den giroa "zoragarria" izan dela esan zuen atzo Jimenezek partida bukatu bezain pronto: "Polita izan da gaurkoa, kiroldegian izan dugun giroa zoragarria izan da. Iraurgik lortu du, merezi du, eta pozik egon behar dugu".

(Argazkiak: Nerea Uranga eta Mikel Amenabar 'Otola')

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide