Ertzaintzak bi gizon atxilotu zituen atzo arratsaldean, 18:00 aldean, Azpeitiko saltoki batean lapurreta egitea egotzita. Ertzaintzak ohar bidez jakinarazi duenez, bi pertsona saltoki batetik korrika atera zirela eta dirua lapurtu zuela esanez abisua jaso zuten. Saltokian baieztatu ahal izan zuten gizonetako bat kutxa erregistratzailetik dirua hartzen harrapatu zuela dendako arduradunetako batek.
Ertzaintzaren arabera, saltokitik korrika atera zen gizona, eta kanpoaldean zain zegoen beste gizon batekin batera egin zuen ihes autoan, baina herrigunean atzeman zituzten handik gutxira, eta atxilotu egin zituzten. Atxilotutako gizonek 19 eta 31 urte dituzte, eta Ertzaintzaren esku utzi zituzten atzo bertan, lapurreta egitea egotzita.
Ez ziren, baina, Azpeitikoak izan zen lapurretak tarteko atzo Ertzaintzak egindako atxiloketa bakarrak. Zarautzen beste gizon bat atxilotu zuen, hondartzan lapurreta egitea leporatuta. Herritar batzuek abisatu zieten ertzainei 18:00 aldean, eta hondartzara joatean baieztatu ahal izan zuten bainua hartzen ari ziren adin txikiko batzuei motxila bat, hainbat gauza pertsonal eta patinete elektriko bat lapurtu zizkietela.
Ertzaintzak adierazi duenez, ingurua miatu eta ustezko lapurra atzeman zuten. Izan ere, poliziak jakinarazi duenez, edukiontzi batzuetan poltsa bat eta lapurtutako objektuak uzten ikusi zuten 27 urteko gizona, eta ondorioz, atxilotu egin zuten. Ertzaintzaren esku utzi zuten gizona, lapurreta egitea egotzita.