Frontoi Txikian egingo dute Azpeitiko 3x3 Futbol Festa

Mailo Oiarzabal 2022ko apirilaren 21a

Plazan egitekoak ziren, baina eguraldiaren iragarpena kontuan hartuta, estalpera eramatea erabaki dute antolatzaileek. Bihartik igandera bitartean egingo dute eta 115 taldek parte hartuko dute.

Azpeitiko 3x3 Futbol Festa estalpean egingo dute azkenean. Bihar hasi eta igandera bitartean egingo den futbol topaketa herriko plazan egitea zen Azpeitia Cupeko antolatzaileen hasierako asmoa, baina aurrez ere esan zuten eguraldi kaskarra aurreikusiz gero, prest zutela ordezko kokapena. Eta datozen egunetan ere euria espero denez, erabaki dute futbol festarako erabiliko dituzten belar artifizialezko bi futbol zelai txikiak Frontoi Txikian jartzea, plazan jarri beharrean.

Bihar 17:30ean hasiko da 3x3 Futbol Festa, eta zapatuan eta igandean 10:00etan hasiko dira partidak jokatzen; 115 taldek eman dute izena. Gaur arratsaldean, berriz, 17:00etatik 18:30era, futbol festan erabiliko dituzten kamisetak jaso beharko dituzte Sanagustinpean Azpeitiko eta Azkoitiko taldeek. Beste herrietako taldeek, aldiz, txapelketaren egunetan jaso ahalko dituzte dagozkien elastikoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide