Oscar Fuentes txirrindulariak irabazi du Azpeitiko San Jose Saria

Ane Olaizola 2022ko martxoaren 27a

Lagun Onak txirrindulari taldeak antolatutako junior mailakoen San Jose Saria jokatu dute gaur Azpeitian. Txirrindulariek 77 kilometro egin dituzte, eta Alimco-Campacnolo taldeko txirrindularia izan da txapelduna. Iker Zabaleta azpeitiarrak, berriz, eskura izan du garaipena, Fuentesekin batera helmugaratu baita.

Azpeitiko Lagun Onak txirrindulari taldeak antolatuta, junior mailakoen San Jose Sariaren XXXIX. edizioa jokatu dute gaur, igandea, arratsaldean Azpeitian. Azpeitiko Ikastola Ikasberriren kanpoaldetik abiatuta, txirrindulariak 77 kilometroko ibilbidea osatu dute, eta Oscar Fuentes izan da txapelduna. Alimco-Campacnolo taldeko txirrindulariak 2:12:07 eginda osatu du lasterketa, eta denbora bera egin du Iker Zabaleta Atracciones Sanz taldeko azpeitiarrak ere. Izan ere, lehia bizia izan da helmugaratu diren aurreneko lau txirrindulariren artean, baina azkenean Fuentesentzat izan da garaipena. Hirugarren postuan, berriz, Ibai Aranza geratu da (2:12:08).

16:00etan hasi da lasterketa, eta Azpeititik Zestoara joan dira txirrindulariak; handik, Iraetara nahiz Arroa Gora joan dira kirolariak, eta bi itzuli egin dizkiote ibilbide horri. Loiola hotelaren parean bukatu dute proba.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide