Ipuin kontaketa eginda, giro politean aurkeztu dute 'Ametsen etorrera' liburua Azpeitian

Maialen Etxaniz 2022ko martxoaren 26a

Felipe Murillok idatzitako eta Olatz Alkortak ilustratutako liburua da 'Ametsen etorrera', Azpeitia balio hezitzaileen bidez ezagutarazteko ipuina. Atzo arratsaldean egin zuten aurkezpena, liburutegi aurrean egindako ekitaldian. Bertaratutako haurrak adi-adi zirela, labetik atera berri duten ipuina kontatu zuen Murillok, eta giro polita sortu zen.

Labetik atera berri dute Ametsen etorrera liburua. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Azpeitiko haurrei zuzendutako ipuina liburutegiaren atarian egindako ekitaldian. Herrian erroldatzen diren haur jaioberriei Azpeitia balio hezitzaileen bidez ezagutarazteko ipuina da Ametsen etorrera, eta Azpeitiko Udalak sustatu du. Felipe Murillok idatzi du ipuina, eta ilustrazioak, berriz, Olatz Alkortak egin ditu. Atzoko ekitaldian izan ziren Murillo eta Alkorta, baita Azpeitiko alkate Nagore Alkorta ere, eta haien adierazpenekin hasi zen aurkezpena. Gogoratu zuten Azpeitia Herri Hezitzailea izatera begira lanean ari direla, eta Ametsen etorrera liburua bide horretan egindako beste urrats bat dela. Ondoren, liburuaren ipuin kontaketa egin zuen Murillok, bertaratutako haurrak adi-adi zirela.  

Aurkezpena 17:30ean hasi zen, eta ordurako jende ugari zegoen bilduta liburutegi aurrean, ekitaldia noiz hasiko. Haurrek zein gurasoek gustura entzun zituzten Ametsen etorrerako pasarteak, eguraldia lagun. Kontakizunaren ostean, txokolatada egin zuten liburutegiaren atarian bertan, eta giro polita sortu zen. Gainera, bertaratu ziren guztiei ipuin bana eman zieten opari. 

Pandemia iritsi aurretik hasi ziren egitasmoari forma ematen, baina kontuak kontu, duela gutxi amaitu dute proiektua. Hori dela eta, mimoz prestatu nahi izan zuten aurkezpen ekitaldia, sortutakoa haurrekin partekatu ahal izateko.

Liburua, herritarren eskura

Azpeitian jaiotzen diren haur guztien familiek jasoko dute aurrerantzean ipuina, umea erroldatzera udaletxera joaten direnean. Gainera, Gazte Informazio Bulegoan ere eskuratu ahal izango dute herritar guztiek, bost euroren trukean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide