Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak eragina izango du trafikoan

Urola Kostako Hitza 2022ko mar. 23a, 16:25

Larunbatean jokatuko dute Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, eta lasterketak eragina izango du bi herrietako trafikoan nahiz autobus geltokietan. Azkoitian, 16:15ean itxiko dute trafikoa lasterketa igarotzen den puntuetan. Azpeitian, bestalde, 15:00retan itxiko dute Loiolako Inazio hiribidea.

Larunbatean, martxoak 26, XXIX. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia jokatuko dute, eta probak eragina izango du bi herrietako trafikoan eta autobus geltokietan. Azkoitiko Julio Urkixo etorbidean hasiko da proba, eta Udaltzaingoak jakinarazi duenaren arabera, 16:15ean itxiko dute trafikoa lasterketa igarotzen den Azkoitiko puntuetan. Hain zuzen ere, Julio Urkixo etorbidea, Kale Nagusia, Altzibar etorbidea, auzo horretako biribilgunetik Garbigune parerako errepide zatia, Ibaiondo kalea, Xabier Munibe kalea, Trenbidearen Zumardiako aldapa eta Juin kalea itxiko dituzte ibilgailuentzat. Halaber, Udaltzaingoa dagoeneko hasi da zenbait aparkaleku hesitzen, probaren egunean ezingo baita hesitutako gunetan ibilgailurik aparkatu.

Udaltzaingoak aurreikusi du 17:30erako zabalik izango direla puntu horiek guztiak, baina itxita dauden bitartean herrigunetik irteteko errepideak irekita egongo direla nabarmendu dute. Zumarragarako bidea, esaterako, irekita egongo da, nahiz eta Garbigune parera arte errepidea itxita egon. Ugarte industrialdeko errepidea erabilgarri izango dute ibilgailuek. Era berean, Auzmendi Bidea kalea ere irekita egongo da Azkarate aldera bideratzeko. San Martin auzoko bizilagunentzat, berriz, aldizkako zirkulazio etenak egingo ditu Udaltzaingoak.

Azpeitian, bestalde, 15:00retan itxiko dute Loiolako Inazio hiribidea, eta ordu horretan bertan hasiko dira udaltzainak Loiola aldean trafikoa bideratzen. Hain zuzen ere, Muebles Irureta zenaren pareko semaforotik, Uranga jatetxe aldera bideratuko dituzte autoak, eta saihesbidetik, Garmendi gainera. 16:00 aldean, Jose Artetxeko biribilgunea ere itxi egingo dute, zortzi kilometroko lasterketa igaroko delako. Hartzubirako bidea, berriz, 16:20an itxiko dute, eta ordutik aurrera, ibilgailuak ezingo dira Zelai Luzen goraka joan, ezta Jose Artetxetik beheraka eta Landetatik herrigunera ere. Horrenbestez, 16:20an hasita, Okerkora bideratuko dute trafikoa.

Bitartean, Azkoitira joateko bidea beti irekita egongo da: "Batzuk bide zaharretik joaten dira, beste batzuk atzeko bidetik... Ahal den bezala", adierazi dute antolatzaileek. Baina herri barruan, 16:00rak ezkero, itxita egongo dira errepideak maratoia dabilen lekuetan. Damaso aldea egongo da libre, baina gainontzeko gune guztiak itxiko dituzte. Bestalde, Aranetik irten nahi duenak hilerritik Etxe Zuri aldera joan beharko du, eta han lasterkaririk ez datorren unean irteten utziko diote.

Aldaketak autobus geltokietan

Lurraldebusek, bestalde, autobus geltokietan zenbait aldaketa izango direla jakinarazi du. Azkoitian, Altzibar etorbideko eta San Martin nahiz Munibe kaleetako geltokiak ezeztatu egingo dituzte lasterketak irauten duen bitartean, eta horien ordez, Altzibarko eta Txerloiako biribilgunetan egingo dituzte geldialdiak autobusek.

UK01 lineako 16:45eko Azkoitia-Donostia autobus zerbitzuak Txerloiako biribilgunean izango du geltoki bakarra; Altzibarko biribilgunean ez da geldituko. Gainerakoan, Donostiatik 16:05ean eta 17:05ean abiatzen den linea bereko autobusetan, UK02 lineako 16:30eko Errezil-Azkoitia autobusean, UK03 lineako 16:05eko Zarautz-Azkoitia autobusean eta UK05 lineako 16:40eko Ermua-Azkoitia autobusean izango du eragina autobus geltokien aldaketak. UK06 lineako 16:10eko Zumarraga-Zumaia eta 16:45eko Zumaia-Zumarraga zerbitzuetan ere eragingo du geraleku aldaketak. Zerbitzu horiek guztietako autobusa Txerloiako eta Altzibarko biribilguneetan geldituko da.

Azpeitian ere, aldaketak izango dira autobus geltokietan, 15:00etatik 19:30era bitartean. Batetik, autobusek Loiolako tren geltoki zaharraren aurrean egingo dituzte geldialdiak, ohiko geralekuan egin beharrean. Horrez gain, Sanjuandegiko geltokia suhiltzaileen parkearen aurrera lekualdatuko dute. Gainera, autobusak ez dira geldituko anbulatorioaren aurrean, eta Burdinbidearen Euskal Museoaren ondoko nahiz Julian Elorza kaleko geltokiak saihesbidera –tren museoaren ondoko zubiaren parera– lekualdatuko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide