Santi Eliasek irabazi du, Orkatz izeneko argazkiarekin, Sokamuturra 2022, karnabaletako sokamuturraren bueltan Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatutako argazki lehiaketa. Herenegun elkartu zen, elkartearen egoitzan, Juan Mari Amenabarrek, Borja Eizagirrek, Enekoitz Esnaolak eta Iñigo Kortak osatutako epaimahaia. Aurten lehiaketan parte hartu duten 25 argazkilariek bidalitako 139 argazkiak ikusi eta baloratu ondoren, sari nagusia Eliasen lanari ematea ebatzi zuten epaimahaikideek. Guztira bost sari banatuko ditu Azpeitiko Argazki Elkarteak Sokamuturra 2022 lehiaketan, eta hauek dira, hurrenez hurren, irabazlearen atzetik gelditu diren laurak: Roman Azkue, Aldapan gora argazkiarekin; Angel Olabarria, Soka dantzan argazkiarekin; Alberto Beloki, Ordurarte lasai argazkiarekin; eta Igor Froilan, Ez nauk harrapauko argazkiarekin.
Sokamuturraren bueltako argazkiez gain, herriko inauterietako jai giroa islatzen duen argazki onena ere saritzen du lehiaketan argazki elkarteak. Iñaki Joaristi Altzarteren izena darama sari horrek, eta aurtengoa Alberto Belokik jasoko du, Zeruan bezala izeneko argazkiari esker.
Sari banaketa eta erakusketa
Zapatuan, martxoaren 19an, banatuko ditu Sokamuturra 2022 lehiaketaren sari guztiak Azpeitiko Argazki Elkarteak Betharrameko aretoan, 13:00etan.
Ekitaldi horrekin irekiko dute, toki berean, lehiaketara aurkeztutako argazkiekin erakusketa.