Askotariko mozorroak eta festa giroa nagusi Azpeitian, Astelehen Karnabal gauean

Maialen Etxaniz 2022ko martxoaren 1a

Gauerdian egin zuten mozorro lehiaketaren sari banaketa ekitaldia. Hainbat sari banatu zituen udalak, eta besteak beste, banakako lehen saria arrain saltzaileak eta taldekakoa Velazquez eta haren Meninak irudikatu zituen taldeak jaso zituzten.

Askotariko mozorroak eta festa giroa izan dira protagonista aurtengo Astelehen Karnabalean ere Azpeitian. Jendetza atera zen atzo gauean kalera, eta mozorroak zein musika izan ziren protagonista. Ohiko mozorroak nahiz beste hainbat original atera zituzten kalera herritarrek, taldean nahiz banaka, eta hain zuzen ere, epaimahaia kalean ibili zen mozorrorik onenen bila. Plazan, gainera, Oihan Vega aritu zen musika jartzen, eta jendetza aritu zen han dantzan.

Gauerdian egin zuten mozorro lehiaketaren sari banaketa ekitaldia, jendez lepo zegoen plazan. Banakako lehen saria arrain saltzailearentzat izan zen; bigarrena iltze jokoarekin kalera atera zen herritarrarentzat; eta hirugarren saria bobsleigh taldearentzat izan zen. Gainera, taldekako bost sari banatu zituen epaimahaiak: lehen saria Velazquez eta haren Meninak obra irudikatu zituen taldeak jaso zuen; bigarrena, Manasluko espedizioak; hirugarrena San Inaziok; eta laugarren saria bi taldek eskuratu zuten, ijito bodak eta ijitoen parrilladak. Karnabal giroari dagokion saria, berriz, Haginpe tabernak jaso zuen.

Karnabalzaleek goizean borobildu dute festa, goiz eresiarekin eta sokamuturrarekin.

Hemen, atzo gaueko argazkien bilduma (Maialen Etxaniz):

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide