Unai Alberdi pilotari azpeitiarrak atzo, ostirala, jokatu zuten profesional mailako lehen partida Baiko Pilota enpresarekin. Azpeitiko Izarraitz pilotalekuak oso sarrera ona erakutsi zuen herriko pilotariaren debuteko partidan baina pilotazaleek ezin izan zuten Alberdi II.a garaipenera bideratu. 22 eta 17 galdu zuen Alberdi II.ak eta Andoni Aretxabaletak osatzen zuten bikote urdinak, Oinatz Bengoetxea eta Endika Uriondo bikote gorriaren aurka.
Familiakoek, lagunek eta herriko pilotazaleek egindako pankartak babes zituela eta horien guztien animo oihuak bultzatuta aritu zen Alberdi II.a bere herrian. Tanto eder bat baino gehiago ere egin zituen aurrelari azpeitiarrak, nola txokoan hala zabalean, baina ez zen nahikoa izan aurrean zuen Bengoetxea VI.a txapeldun handia menderatzeko.
Bengoetxea VI.ak datorren larunbatean, hilak 29, jokatuko du profesionaletako azken partida, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Hori horrela, leitzarrak Azpeitiko Udalaren eta Ilunpe pilota elkartearen omenaldia jaso zuen partidaren amaieran. Xebastian Lizaso bertsolari azpeitiarrak bi bertso kantatu zizkion aurrelari nafarrari, eta ondoren, Egoitz Arruti Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburuak plaka bat entregatu zion Azpeitiko herriaren izenean.
Omenaldia amaitu bezain laster hasi zen bigarren partida, eta lehia bikote urdinak irabazi zuen. Jaka eta Mariezkurrena II.a Urrutikoetxea eta Aranguren baino gehiago izan ziren Izarraitzen. Aise hasi ziren irabazten, nahiz eta gorriek markagailua estutu zuten partidaren erdian. Ordutik aurrera, ordea, Jakak eta Mariezkurrenak erraz bideratu zuten partida, 22. tantorara iritsi arte.