Astelehenean Tuteran (Nafarroa) hilda aurkitu zuten Sara Pina 38 urteko emakumea, indarkeria zantzuekin. Labanarekin egindako zauriak zituen hilotzak, eta haren senarra izan da hasieratik hilketaren susmagarri nagusia. Astearte eguerdian atxilotu zuten gizona Boisredonen (Frantzia). Hilketa hori salatzeko, elkarretaratzeak egin dituzte Urola Kostako herrietan.
- Azkoitia
Hainbat herritar elkartu da gaur arratsean Azkoitiko plazan, Sostenipe talde feministak Tuteran jazotako hilketa matxista salatzeko egindako deialdiarekin bat eginez. Emakumeok aske eta bizirik! zioen elkarretaratzean zabaldu du pankartaren leloak.
Enegarren hilketa matxistaren, urtea hasi eta berehala Euskal Herriko aurtengo kontagailu tamalgarria abian jarri duenaren aurrean, "2022a ere ez da urte erraza izango", nabarmendu du Sostenipek. "Feministok behin eta berriro esango dugu, estrukturala den arazo baten aurrean gaudela. Gizarte osoaren arazoa den hau, emakumeon gorputzetan gorpuzten da. Nazkatuta gaude behin eta berriz berdina oihukatzeaz, ez gara isilduko".
- Azpeitia
(Argazkiak: Urola Erdiko Itaia)
Azpeitian, elkarretaratzea egin dute gaur Azpeitiko plazan, 19:00etan hasita, Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean, Urola Erdiko Itaiak deituta. Dozenaka lagun elkartu dira protestan.
Itaiak salatu duenez, ideologia matxistak gizonaren gailentasunerako "testuinguru paregabea" sortzen du. "Ondorioz, emakume langileon aurkako erasoak etengabe gauzatzen dituzte, gure zaurgarritasun egoera baliatuz", erantsi du. Itaiak "beharrezkotzat" jo du emakume langileek erasoen aurrean erantzun "eraginkorrak" hedatzea, horiek gauzatzen dituzten "figurak seinalatzea" eta emakumeak egoera horretatik askatzeko "baliabide ekonomikoak zein sozialak" garatzeari ekitea.