Herriko zenbait merkatari Ekindarrera batzen ari direla azaldu du Azpeitiko Udalak

Anartz Izagirre 2021eko abenduaren 30a

Joan zen astean merkatariei zuzenduriko bilera egin zuen Ekindarrek, eta ordutik horietako hainbatek aurreinskripzioa bete dutela nabarmendu du udalak. Oraindik ere zabalik dute herritarrek zein merkatariek aurreinskripzioa egiteko aukera.

Ekindar Azpeitiko energia kooperatibaren aurkezpena egin zuten abenduaren 15ean Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, eta abenduaren 22an merkatariekin beste bilera bat egin zuten, merkatariek eta Bertan elkarteak hala eskatuta, Azoka Plazako lehen solairuko aretoan. Azpeitiko Udalak nabarmendu duenez, juntadizoaren ostean hainbat izan ziren Ekindarrera batzeko aurreinskripzioa bete zuten merkatariak, eta azaldu dute oraindik ere irekita dagoela horretarako aukera, Ekindarren webgunean. Bertan aurki daiteke proiektuaren inguruko informazio guztia ere.

Ekindarrek 450 familiaren eta establezimenduren energia beharrak asetzeko gaitasuna izango du, eta horretarako 2.200 plaka fotovoltaiko ezarriko dituzte Urrestillako Kaminazpi izeneko eremuan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide