Izurritearen harira ezarritako azken neurrien aurrean, GKSk elkarretaratzea egingo du gaur Azpeitian

Maialen Etxaniz 2021eko abenduaren 24a

'Pandemiari eman dioten erantzun autoritarioari aurre egin!' lelopean egingo dute elkarretaratzea gaur, hilak 24, 17:00etan, plazan. Izurritearen aurrean politikariek "zentzu sanitariorik gabeko neurriak" hartzen jarraitzen dutela salatu du GKSk.

"Politikari profesionalek" izurriteari erantzuteko hartutako azken neurrien aurrean, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) mobilizazioak deitu ditu gaurko Euskal Herriko hainbat txokotan; tartean, Azpeitian. Pandemiari eman dioten erantzun autoritarioari aurre egin! lelopean deitu dituzte kontzentrazioak, eta Azpeitikoa 17:00etan hasiko da, plazan.

"Gero eta nabarmenagoa da enpresari handiek eta politikari profesionalek ezarri duten autoritarismoa. Izurritea kontrolpetik kanpo dagoen bitartean, zentzu sanitariorik gabeko neurriak hartzen jarraitzen dute. Oraingoan, COVID ziurtagiria ez ezik, aire librean musukoaren derrigorrezkotasuna ezarri dute, eta kutsaketak kontrolatzeko militarrak erabiliko dituzte", adierazi du GKSk. Era berean, azpimarratu du egungo egoera esaldi batean azal daitekeela: "Gero eta pobrezia gehiago eta eskubide gutxiago". Hori dela eta, herritarrei biharko elkarretaratzera joateko dei egin diete. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide