Jose Luis Rodriguezek irabazi du Azpeitiko Udazkeneko Argazki Rallya

Mailo Oiarzabal 2021eko azaroaren 24a

Mitxel Aizpurua zumaiarrak jasoko du argazki onenaren saria, eta Aizpuruaren herrikide Juan Ramon Llavorik hirugarren bilduma onenarena. Larunbatean banatuko ditu sariak Azpeitiko Argazki Elkarteak, argazkien proiekzioarekin lagunduta.

Jose Luis Rodriguezen (Zalla, Bizkaia) bildumak irabazi du Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE) antolatutako Udazkeneko XXXI. Argazki Rallya. Azaroaren 7an egin zen rallya eta 33 argazkilarik parte hartu zuten bertan.

Rallyaren irabazleak 150 euro eta garaikurra jasoko ditu sari gisa. Bigarren bilduma onenaren saria (125 euro eta garaikurra) ere Bizkai aldera joango da, Jose Antonio Fernandez bilbotarraren eskuetara; eta Juan Ramon Llavori zumaiarrak jasoko du hirugarren bilduma onenaren saria (100 euro eta garaikurra).

Beste zumaiar batek, Mitxel Aizpuruak, irabazi du rallyko argazki onenaren saria (60 euro eta garaikurra); eta sailkapeneko lehen azpeitiarraren saria (90 euro eta garaikurra) Igor Froilanentzat izango da.

Proiekzioa eta sari banaketa

Larunbat honetan, hilaren 27an, banatuko dituzte Udazkeneko XXXI. Argazki Rallyaren sariak, eta ekitaldi berean rallyra aurkeztutako bildumen proiekzioa egingo dute. 18:30ean hasiko da ekitaldi hori, Soreasuko Dinamoa Sormen Gunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide