Azpeitiko Basanderiek talde feministak agur esan du. Bost urteko ibilbidea osatuta, bere "zikloa amaitu" dela dio taldeak. "Bide honetan aldatu gara eta aldatu da herria ere. Gure indarrek gorabeherak izan dituzte, motibazio handiko momentuak bizi izan ditugu eta baita ahulago sentitu garen momentuak ere. Hala ere, beti sentitu izan ditugu gertu feminismoa herrian lantzen duten pertsonak eta eragileak, mugimendu oso baten parte sentitu gara", azaldu dute Uztarria.eusen argitaratu duten gutunean.
"Militante kopuruaren beherakada" eta horrek taldean jarraitu dutenengan eragin dituen "nekea eta pisua" aipatu ditu Basanderiekek agurrean, baina egindakoarekin gustura eta jasotako babesarekin eskertuta hitz egin dute taldekideek: "Zaintza aldarrikatu eta gure artean praktikan jartzen saiatu arren, hutsuneak izan ditugula ere aipatu behar da. Hala ere, gustura gaude egindakoaz, azken urteetan mobilizazio ikaragarriak izan dira herrian feminismoaren bueltan, oso parte hartzaileak, eta herriko emakume ugarik gure aldarrikapenekin bat egiten dutela sentitu dugu eta sentitzen dugu. Eskerrik asko guztioi, bihotzez, eta batez ere gure mobilizazioetan aktiboki parte hartu duzuenoi; sormenetik, lanetik, txikitasunetik hau guztia posible egin duzuenoi".
"Ikuspegi ezberdinetatik feminismoa lantzen duten eragileak eta norbanakoak" ere hizpide ditu Basanderiek talde feministak bere gutunean. "Ez dugu gure arteko gatazka amaigabeetan sartzeko asmorik, ezta dikotomia antzuetan ere. Gatazka beharrezkoa da injustiziak dauden bitartean, baina guk sistema patriarkal kapitalista homofobo, transfobo , arrazista eta kolonialari deklaratu genion gerra, ez dugu ahizpen arteko borroketan sartzeko asmorik", dio, besteak beste.
Bilera irekia
Basanderieken zikloa amaitu da, baina mugimendu feministaren aktibaziorako deiarekin eta gonbitarekin dator, era berean, Basanderiek taldearen agurra.
Izan ere, bihar, 17:00etan hasita, bilera irekia egingo dute Emakumeen Txokoan, eta batzar horretan parte hartzeko dei egin du Basanderiekek agurrean. Azaroaren 25eko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako eguneko mobilizazioaren inguruan hitz egiteko eta "hemendik aurrerako antolamenduaz" hausnartzeko egingo dute, hain zuzen ere, biharko bilera.