Egunerokoan ezinbestekoak diren materialak bildu nahi ditu Elkar-ekin taldeak

Andoni Elduaien 2021eko azaroaren 10a

Herritarrei etxeetan soberan dituzten eta erabilgarri dauden hainbat material Elkargunera eramateko deia egin die Elkar-ekinek. Izan ere, azken asteetan produktu zehatz batzuen falta sumatzen ari direla azaldu du taldeak.

Sei urte bete dira Azpeitiko Elkarguneak ateak ireki zituenetik, eta "urtetik urtera gora" ari da egiten bertara hurbiltzen den herritarren kopurua. Horrez gain, Azpeititik kanpora ere elkartasun egitasmo ezberdinetara bideratu ohi du materiala Elkar-ekin taldeak, nagusiki arropa. Azken asteetan, produktu zehatz batzuen gabezia sumatzen hasi da taldea. "Guztion artean Elkargunea ondo hornitzea beharrezkoa dela sentitu dugu, eguneroko bizitzan behar-beharrezkoak diren material horiek baitira erabiltzaileek gehien eskatzen dituztenak".

Hori horrela, etxean dituzten material erabilgarriak Elkargunera eramateko eskatu du Elkar-ekin taldeak; besteak beste, koltxoiak, somierrak, altzari txikiak, sukalderako materiala, mantak, berogailuak, lotarako zakuak, motxilak, kanpinak, esterilak, sofak, bizikletak, mahaiak zein aulkiak eta egurrezko sehaskak.

"Elkargunea herritar askoren ekarpenaren emaitza da, bertan lan egiten duten boluntarioez gain, asko eta asko baitira astebururo materiala dohaintzan ekartzen duten lagunak". Hain zuzen ere,  jarrera hori zabaldu nahi du Elkar-ekin taldeak herritarren artean, guztien etxeetan oinarrizkoak diren materialak egon daitezen. "Pobrezia egoeran dauden herritarrak asko dira gurean ere, eta elkartasuna sendotzea beharrezkoa dela ikusten dugu, egoerak ez baitu hobera egingo datozen hilabeteetan", azaldu du taldeak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide