EAJko zinegotzien gutuna "protagonismo bila egindako ariketa baldartzat" jo du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak

Ihintza Elustondo 2021eko azaroaren 1a

"GKSko kideek Esklabetan jarraituko duten edo ez argitzeko" eskatu dute EAJko zinegotziek, eta gutun horri erantzun dio Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak. "Gure interesak azpeitiar guztien oinarrizko eskubideen gainetik jarri ditugula esan digute lotsagabeki, hain justu, abiatu ditugun proiektu guztiak, eskubiderik erosi ezin dutenekiko defentsara bideratutako militante/boluntario lanean oinarritzen direnean", nabarmendu du taldeak, besteak beste.

Azpeitiko EAJko zinegotziek Eslabetako eraikinaren harira plazaratutako oharrari erantzun dio Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak. Jeltzaleek argitaratutako gutuna "protagonismo bila egindako ariketa baldartzat" jo du taldeak. "Izan ere, gaiarekiko duten axolagabekeriaren erakusle da birjabetzearen egilea zein den ere ezagutu ez izana (GKS oraindik ez zen existitzen duela hiru urte). Ikusi omen duten bideoan bertan ageri den moduan, gerora eraikina hainbat eragilek eta norbanakok erabiltzen duten arren, Krisiaren Seme-alabakek eskuratu zuen eraikina, gerora sortuko zen Kontseilu Sozialistaren aurrekaria zenak". Kontseilu Sozialistak uste du "anekdota" horrek gutunaren idazleez "asko" esaten duela.

Horrez gain, "etxebizitza izateko eskubidea guztientzat berbera dela bezalako ergelkeriak" irakurri behar izan dituztela adierazi du taldeak. "Zergatik dituzte, bada, pertsona batzuek bi, bost edo hamar etxebizitza, beste batzuk txaboletan, garajeetan edota kalean bizi direnean? Eskubideak dirua duenak soilik eros ditzake, antza. Eta eskubideak ordaindu ezin dituzten pertsona horiek etxetik botatzeaz, besteak beste, zuen alderdia arduratuko da. Etxe hutsak egoteak kezkatzen zaituzte, ez jendea etxerik gabe egoteak".

Bestalde, Kontseilu Sozialistak dio, "Udal Gobernuak, oposiziorik gabe, presio mekanismo moduan", ura eta argia moztu zizkiela, eta gero, "EAJkoak bizigarritasunaz lezioak emateko gai" ikusi direla. "Baina gehiago esanda, zuek noiz jarri duzue irtenbideren bat jendea urik edo argirik gabe egon ez dadin? Jendea hotzez bizi ez dadin? Jendeak gosea pasa ez dezan?". Taldearen arabera, horiek ez dira "fenomeno naturalen ondorio, arduradun zuzenak dituzte". EAJ "arazoaren parte" dela nabarmendu du Kontseilu Sozialistak: "Arazoaren parte zaren unetik, ezin duzue arazoaren konponbide izan".

"Eskubiderik erosi ezin dutenen defentsa"

Bere jarduna "eskubiderik erosi ezin dutenen defentsara" bideratzen duela adierazi du Kontseilu Sozialistak: "Gure interesak azpeitiar guztien oinarrizko eskubideen gainetik jarri ditugula esan digute lotsagabeki, hain justu, abiatu ditugun proiektu guztiak, eskubiderik erosi ezin dutenekiko defentsara bideratutako militante/boluntario lanean oinarritzen direnean. Eta nork egin digu akusazio larri hori? Banketxe eta enpresari handien interesen defendatzaile sutsu den EAJk, langileak erreprimitzen dituztenek, diru publikoaren desbideraketaren maisu direnek, ustelkeriaren adibiderik garbienak direnek".

EAJk gutunean aipatutako akordioari ere egin dio erreferentzia Kontseilu Sozialistak. Jeltzaleek gutunean azaldu dutenez, "EH Bilduk EAJko zinegotziei emandako informazioaren arabera, akordio bat zegoen, non antolaketa politiko horrek Esklabetako hegaletako bat erabil zezakeen, Eusko Jaurlaritza kokapen horretan aurreikusitako alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzen hasi arte". Dena den, EAJk zehaztu duenez, dagoeneko hasi dira obra horiek, eta han jarraitzen dute Kontseilu Sozialistako kideek. Talde horrek honela erantzun dio puntu horri: "Akordioaren auzian sartuta, eztabaidagai izan diren alorrak guztiz teknikoak izan dira, eta begien bistakoa denez, horiek denak gaindituta daude (ondoko obrena kasu). Obrak egiteak ez du gure jarduna baldintzatzen, eta, gure jardunak ere ez ondoko obrena; beraz, ez dugu eraikinetik atera beharrik izan. Dena dela, egokiena hasieratik mahai gainean jarri genuen (eta egin dugun guztia bezala publikoa den) zesio forma sinatzea dela deritzogu, etorkizunean etor litezkeen arazoak saihesteko modurik egokiena delako. Ez gara ezer berria esaten ari, EH Bildu eta zuok, EAJko zinegotziok, ezkutuka hitz egindakoaren berririk ez dugu, baina guk guztia argitaratuta dugu eta edozeinentzat eskuragarri dago".

Kontseilu Sozialistak "garbi utzi" nahi izan du ez direla inori "erronkarik jartzen" ari, beren buruari ez bada. "Izan ere, giza miseria eta esplotazioa erregaitzat duen gizarte honekin amaitu eta askatasun eta oparotasun unibertsalean oinarrituko den gizartea eraikitzeko alea jartzeko erronkari heldu diogu, eta horretarako aterpea izan da eta izango da Esklabetako Zentro Sozialista. Erronka honi heltzeko prest daudenekin bertan elkartuko gara!", esanez amaitu dute gutuna.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide