Azpeitiko EAJren udal taldeak eskaera bat egin dio Udal Gobernuari: "Gazte Koordinadora Sozialistako (GKS) kideek Esklabetako eraikinean jarraituko duten edo ez argitzea". Jeltzaleek nabarmendu dutenez, hiru urte igaro dira GKS Esklabetan sartu zenetik, eta Uztarriaren atarian bideo bat argitaratu dute orain eraikina okupatu zutela eta "Esklabetako Zentro Sozialista" bihurtu dela esanez. "Guzti hori, Azpeitiko Udal Gobernuarekin 2019ko erdialdean lortutako hitzezko akordio bati esker", gehitu du EAJk.
Bestalde, salatu dute bideo horretan udalaren jabetzako eraikinean egin dituzten berrikuntzen berri ematen dutela GKSkoek: "Berrikuntzak zer baimenekin egin dituzten jakin nahiko genuke. Non eskatuta? Legez dagokion bezala, udaleko sarreran ez behintzat. Bizigarritasunik ez duen udal eraikin batean, urik eta argirik gabe daude. Zeinen ardurapean?". Esklabetako ezker hegala erabiltzeko "akordioa" zegoela ere azaldu dute jeltzaleek: "EH Bilduk EAJko zinegotziei emandako informazioaren arabera, akordio bat zegoen, non antolaketa politiko horrek Esklabetako hegaletako bat erabil zezakeen, Eusko Jaurlaritza kokapen horretan aurreikusitako alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzen hasi arte. Eusko Jaurlaritza pasa den udan hasi zen eraikitzen, baina GKSk ez du eraikina utzi, eta, bideoa ikusita, ez du horretarako inolako asmorik erakusten. Egoera honen aurrean, EAJko zinegotziok uste dugu GKSk EH Bilduri jarritako erronkari erantzun bat eman behar diola Udal Gobernuak".
Horrez gain, EAJren udal taldeak adierazi du "jakitun" direla Azpeitiko gazteek herrian etxebizitza duin bat lortzeko arazoak dituztela, eta egoera horren aurrea, "konponbide bat lortzeko prest" daudela gaineratu dute. Era berean, azaldu dute etxebizitza izateko eskubidea "guztientzat berbera" dela: "Onartezina deritzogu erakunde politiko jakin baten interesak azpeitiar guztien oinarrizko eskubideen gainetik jartzea".