Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloaren hogeitabigarren edizioa amaierara iritsi zen atzo, larunbata, Azkoitian eta Bergaran eskaini zituzten kontzertuekin. Azkoitian, Loreto Aramendi eta Sarah Perarnaud organo-jotzaileek itxi zuten aurtengo programa, eta dozenaka lagun elkartu ziren Andre Mariaren Jasokundearen parrokian organo doinuak entzutera. Aurreko egunean, ostiralean, berriz, Azpeitian izan zen Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXII. Zikloaren barruko azken kontzertua. Azkoitian bezala, dozenaka lagun elkartu ziren Loiolako Basilikan, eta ikus-entzuleek Ainhoa Merzero sopranoaren eta Alberdo Saez Puente organo-jotzailearen doinuez gozatzeko aukera izan zuten. Azkenean horiek izan ziren Azpeitian zikloa itxi zutenak, hasiera batean emanaldia Brice Montagnoux organo-jotzaileak eta Eva Villegas klarinete-jotzaileak eskaini behar bazuten ere. Izan ere, osasun arazo baten ondorioz, ordea, Montagnouxek eta Villegasek ezin izan zuten Loiolara bertaratu.
Urriaren 1ean hasi zen Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXII. Zikloa, eta ohi bezala, Azkoitian, Azpeitian eta Bergaran eskaini dituzte kontzertuak. Azpeitian, urriaren 1ean izan zen aurrenekoa, eta Loreto Fernandez Imaz organo jotzaileak eta Ainhoa Zubillaga mezzoak eskaini zuten, hilaren 1ean; astebete beranduago, berriz, Azpeitiko eta Bergarako ikasleen txanda izan zen; eta hilaren 15ean, Karol Mossakowski organo-jotzailea izan zen Loiolan.