Zumba irakaslea

Regla Hernandez: "Minbizia bezalako gaitzak saihesteko modu bat da ariketa fisikoa egitea"

Ihintza Elustondo 2021eko urriaren 15a

Zumba eginez bularreko minbiziarekiko kontzientzia sustatzeko, Festa Arroxa egingo dute gaur Udal Igerilekuan. Regla Hernandez izango da saioaren gidarietako bat.

(Argazkia: Utzitakoa)

Bularreko minbiziaren mamua gertutik bizitzea tokatu zaio Regla Hernandezi (Habana, Kuba, 1969). Urriaren 19a Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da, eta horren harira, Festa Arroxa egingo dute gaur, 18:00etatik 19:30era, Azpeitiko Udal Igerilekuan. Hernandezek ondoen dakien moduan astinduko dituzte kontzientziak: zumba dantzatuz. BPXport enpresak eta Azpeitiko Kirol Patronatuak antolatu dute saioa, eta Hernandezekin batera, Lara Idoeta ariko da gidari lanetan.

Zerekin egingo du topo gaur Festa Arroxan parte hartzera animatzen denak?

Bularreko minbiziaren bueltan elkartasuna sortzea da asmoa; horregatik, denok kamiseta arrosarekin joango gara gaurko saiora. Zumba klase bat egingo dugu, baina berezia izango da. Immunitate sistema indartzeko eta minbizia bezalako gaitzak saihesteko modu bat da ariketa fisikoa egitea; hori frogatuta dago. Hori hala izanik, herritarrei kirol berri bat probatzeko aukera emango diegu gaurko saioan.

Milaka gaixotasun daude mundu honetan. Zergatik aukeratu duzu bularreko minbizia?

Nire amak bularreko minbizia du, eta oso gertutik bizi izan ditut gaitz horren gorabeherak. Neuk ere nodulo batzuk neuzkan bularrean, kaltegarriak ez ziren tumoreak, baina bazegoen horiek kaltegarri bilakatzeko arriskua. Dena den, desagertu egin zaizkit nodulo horiek, eta medikuek esaten didate ariketa fisikoak on egin didalako desagertu zaizkidala. Gaurko saioaren bidez, ariketa fisikoak gaixotasunak saihesten laguntzen duela ospatu nahi dugu. Horregatik, gaurko ariketaren helburua jendea motibatzea da. Aurrez zumba probatu dutenek nahiz probatu ez dutenek, denek, parte har dezakete arratsaldeko ekintzan.

Gaurkoa zumba klase berezia izango dela aipatu duzu. Zer landuko duzue?

Pisuak baliatuko ditugu, zumbatomic egingo dugu, lehiak geure artean... Saioa gidatuko dugun bi irakasleok estilo ezberdinak ditugu, eta bi estiloak ezagutu ahal izango dituzte partaideek.

Elkartasun saioa izanagatik, Festa Arroxarekin ez duzue dirua biltzeko asmorik, ezta?

Ez, saioa doakoa izango da. Leku batzuetan egiten dituzte elkarteentzako diru bilketak, baina gure asmoa kontzientzia sortzea da, jendeari kirola ona dela erakustea... Bide ekonomikoa aukeratu beharrean, kontzientziaren bidea aukeratu dugu guk. Funtsean, minbiziari aurre egiten laguntzeko balio duen doako erreminta da kirola.

Zer egin behar da saioan izena emateko?

Igerilekuko harrerara joan behar dute parte hartu nahi dutenek.

Katxalin elkarteak diru bilketa egingo du asteartean
Datorren asteartea Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna izango da, eta Katxalin bularreko eta ginekologiari lotutako minbizia duten emakumeen Gipuzkoako elkarteko kideak Azpeitian izango dira. Hain zuzen ere, diru bilketa egingo dute 09:30etik 13:00etara bitartean. Udaletxeko arkupeetan mahai bat jarriko dute, diru ekarpenak jasotzeko eta loteria saltzeko, eta azoka eguna dela aprobetxatuta, azokan ere izango dira kideak xingola arrosak banatzen.

Minbizia topatu osteko sentipenez hitzaldia izango da
Minbiziaren lehen diagnostikoaren ondoren sortzen diren sentimenduei eta horiek kudeatzeko laguntzari buruzko hitzaldia antolatu du Gipuzkoako AECCk datorren ostegunerako, hilak 21. Minbizia: eta orain zer? izenburupean, Miriam Marquez psikologoak eta Ana Ruiz gizarte langileak eskainiko dute solasaldia Basazabal jauregian, 17:30ean hasita. Dagoeneko eman daiteke hitzaldira joateko izena, 943-45 77 22 telefono zenbakira deituta. Solasaldiaz gain, minbiziaren aurka Gipuzkoak pazienteei nahiz haien senideei eskaintzen dizkien doako zerbitzuen berri ere emango dute osteguneko saioan. Gainera, hitzaldira joaten diren herritarrek zalantzak argitzeko aukera izango dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide