Parte hartze handiarekin itzuliko da Azpeitiko Zezen Beltz asteburua

Ane Olaizola 2021eko urriaren 13a

Urtebeteko etenaren ondoren, Zezen Beltz asteburua antolatu du hamabigarrenez Zezen Beltz elkarteak .Ekitaldi guztiak Perdillegin eta zezen plazan egingo dituzte

Iazko urtean etendako ekitaldiak egutegietara itzultzen ari dira pixkanaka, eta Azpeitian egiten duten Zezen Beltz asteburua da horietako adibide bat.
COVID-19ak eragindako izurritearen ondorioz, bertan behera utzi behar izan zuten Zezen Beltz elkarteak antolatzen duen asteburua, baina aurtengoan, izango da ikuskizunik egitasmoaren barruan, hainbat egokitzapenekin bada ere.

Datorren larunbatean eta igandean ospatuko dute Zezen Beltz asteburua hamabigarren aldiz, eta ohi bezala, zezen txikiekin zein poniekin hainbat ikuskizun eskainiko dituzte. Antolatzaileek gogoratu dutenez, izurritea dela-eta oraindik osasun neurri batzuk indarrean badirenez, ez dute herriko plazan eta Artzubian saiorik egingo, aurreko urteetan egin ohi zuten moduan. Horren ordez, Perdillegin eta zezen plazan izango dira ekitaldi guztiak: hau da, larunbat eta igande goizeko ekitaldiak Perdillegiko jolastokian izango dira, eta Grand Prixa zein uztaien eta errekortarien saioa, berriz, zezen plazan egingo dituzte.

46 lagun zezen plazara

Ohi bezala, Grand Prixa zein uztaien eta errekortarien saioa izango dira Zezen Beltz asteburuko protagonista nagusiak. Urtebeteko etenaren ondoren, gainera, parte hartze zabalarekin itzuliko dira biak ala biak: izan ere, guztira, 46 partaide arituko dira zapatuko eta igandeko saioetan.

Larunbatean, 17:00etan hasiko da Grand Prixa, eta dagoeneko osatu dituzte taldeak: zazpi lagunez osatutako lau talde aterako dira zezen plazara. Guztiak ere Azpeitiko neska-mutil gazteak izango dira, eta ordu eta erdiz, sei jolas egingo dituzte taldeek: bi zezenekin eta gainontzekoak puzgarriekin nahiz oztopoekin.
Igandean, berriz, uztaien eta errekortarien ikuskizuna itzuliko da zezen plazara. Antolatzaileek adierazi dutenez, lau bikotek uztaiekin erakutsiko dituzte beren abileziak, eta ondoren neska errekortarien txanda iritsiko da. Horietako bat, gainera, azpeitiarra izango da: June Urain. Bigantxa gazteen aurrean arituko dira horiek. Segidan, 16 urteko lau errekortarik jardungo dute bigantxekin, eta amaitzeko, 16 urtetik gorako beste lau gazte idisko gazteekin arituko dira. Errekortari guztiak «ingurukoak» izango direla aurreratu du Zezen Beltzek, Zaragozako (Espainia) neska bat izan ezik.

Sarrerak salgai

Grand Prixera eta errekortariek eskainiko duten ikuskizunera joateko sarrerak salgai jarri dituzte antolatzaileek, eta herritarrek bosna euroren truke eskuratu ditzakete txartelak. Azpeitiko honako taberna hauetan daude salgai: Korrale, Mendizabal, Jim Clark, Intz, Berdie eta Eguzkitzan. Egunean bertan, saioa hasi baino ordubete lehenagotik ere eskuratu ahal izango dira sarrerak, Azpeitiko zezen plazako leihatilan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide