Irungo mugan dauden errefuxiatuen egoera ezagutzeko irteera antolatu du Elkar-ekinek

Anartz Izagirre 2021eko urriaren 8a

Irungo Harrera sareko kideak lagun izango dituzte ibilaldian zehar, eta errefuxiatuei harrera nola egiten zaien ezagutuko dute, besteak beste, txango horretan. Urriaren 23an izango da, eta aurrez izena eman behar da Elkar-ekinekoekin hitz eginda edo 'elkar_ekin@hotmail.com' helbide elektronikora mezu bat bidalita.

Irungo mugan dauden errefuxiatuen egoera ezagutzeko irteera antolatu du Elkar-ekinek urriaren 23rako. Herrian zehar bira bat egingo dute eta errefuxiatuei harrera nola egiten zaien ezagutuko dute, harrera horretan Irunen esanguratsuak diren lekuak eta zerbitzuak ezagutzearekin batera.

Irungo Harrera Sareko kideak arduratuko dira bertaratzen diren herritarrei azalpenak emateaz, eta helburu bikoitza izango du ibilaldiak: batetik, pertsona errefuxiatuen egoera eta dituzten arazoak bertatik bertara ezagutzea, eta bestetik, Harrera Sareko kideek elkartasuna nola antolatzen duten ezagutzea.

Azpeitiko anbulatorioaren aurretik 08:30ean aterako da autobusa. 10:00etan Irungo Harrera Sareko kideekin elkartuko dira, eta birari ekingo diote. 13:30 aldera Irunen bertan bazkalduko dute, eta 16:00 aldera etorriko dira bueltan.

Autobusa dohainik izango da. Bazkaria hamabost euro kostatuko da, baina ikasleentzat, langabeentzat edo ordaintzeko arazoak dituztenentzat doan izango da hori ere. Izena emateko, Elkar-ekineko kide batekin hitz egin behar da edo mezu bat idatzi elkar_ekin@hotmail.com helbide elektronikora.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide