Urriaren 16an eta 17an itzuliko da Zezen Beltz asteburua Azpeitira

Maialen Etxaniz 2021eko urriaren 1a

Iazko etenaren ostean, urriaren 16ko eta 17ko asteburuan izango da aurtengo Zezen Beltz asteburua. Pandemia dela-eta oraindik osasun neurri batzuk indarrean daudenez, Zezen Beltzek ez ditu plazako eta Artzubiko ekitaldiak antolatutako, eta prestatutako ekintzak Perdillegiko jolastokian eta zezen plazan izango dira, segurtasun neurriekin.

Koronabirusaren pandemia tarteko, iaz ez zuten Azpeitiko Zezen Beltz asteburua antolatu, baina aurten berriro itzuliko da. Zezen Beltz batzordeak antolatuta, urriaren 16an eta 17an ospatuko dute Zezen Beltz asteburua. Antolatzaileek aurreratu dutenez, egun indarrean dauden segurtasun neurriak errespetatuz egingo dituzte ekintzak. Beraz, ez dira ohikoak diren Artzubiko eta plazako ekintzak egingo. 

Honako hau da aurtengo Zezen Beltz asteburuko egitaraua: 

Urriak 16, larunbata.

– 12:00: zezen txikiak umeentzat, Perdillegiko jolas tokian.
– 17:00: Grand Prix ikuskizuna, zezen plazan.

Urriak 17, igandea.

– 12:00. zezen txikiak umeentzat, Perdillegiko jolas tokian.
– 17:00: uztaiekin erakustaldia, nesken errekorte ikuskizuna, gizonezko errekortariak eta errekortari gazteak, zezen plazan.

Sarrerak salgai dagoeneko

Zezen Beltz elkarteko kideek azaldu dutenez, Grand Prixerako eta errekortarietarako sarrerak erosi beharko dira, 5 eurotan. Dagoeneko salgai daude Korrale, Mendizabal, Jim Clark, Intz, Berdie eta Eguzkitza tabernetan, eta, egunean bertan, salgai egongo dira zezen plazako leihatilan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide